Klima aldaketa, literalki, zure neuronak urtzen ari da

Bai, badakigu udan bagaude ere, uda eta bero jasangaitzak atzean utzi ditugula jada. Klima aldaketak, ordea, ez du urtaro baten antzera funtzionatzen eta hau ez ahaztea funtsezkoa da arazoaz kontziente izan gaitezen. Bada, dirudienez, etorkizunean geroz eta ohikoagoak izango diren muturreko beroek gure garunari eragingo diote, edo behintzat, gure garuna osatzen duten neuronei. Zin dagit ez dela ahoberokeria, egia da. Horrela azaltzen dio Jose A. Morales Garcia-k, neurozientzian ikertzaile eta irakasleak denak The Conversation hedabideari.

Morales-ek dio “beroarekin proteinak desnaturalizatu egiten dira —euren egitura galtzen dute, urtu egiten dira—, eta honek neuronei eragiten die”. Neuronak dira, garunaren gune ezberdinetan, funtzio ezberdinak betetzearen arduradunak. Bada neurona bat bereziki zaurgarria dena beroari: Purkinje zelula. Neurona hauek zerebeloan daude eta funtzio motorraren arduradunak dira, “horregatik, bero sapa baten aurrean sentsibleagoak dira eta honek gure koordinazio eta orekan eragin lezake”.

Bada gehiago. Honek guztiak bulkaden moteltzea eragiten du, hau da, gure erreakzionatzeko gaitasuna narriatu egiten dela. Ez, ez zaude motelago eta apatikoago udan beroa gustatzen ez zaizulako edo ondo lo egiten ez duzulako, neuronak izugarri sufritzen ari direlako baizik. Nola ez, zure gogo aldartea ere ez da salbatzen honetatik eta suminkortasuna ohi baino gehiagotan azaltzen zaizu. Beraz, norbaitek lasaitzeko eskatzen dizun hurrengoan esan neuronak urtzen ari zaizkizula.

Gainera, tenperatura altuek beste etsai bat ere badakarte: deshidratazioa. Morales-en arabera deshidratazioak epe motzerako memoriaren galeran eragin lezake, logalea eta muskuluen nekea. Esan gabe doa, ur faltak gure gorputzean ditugun toxinak ezabatzea ere zailduko digula. Uda nekagarria da benetan, e? Eta etorkizunean hau ez da hobetuko, ia-ia neguko lan errutina desiratuko duzula (ia-ia). Morales-ek hainbat gomendio jaurti ditu datorrenari ahalik eta hobekien aurre egiteko: berotik babestu burua eguzkitan ahalik eta gutxien edukiz eta ura edan. Hobe bero denean eskuetan izan ohi dugun izozkia urtu gure neuronak baino.