Hilabete honen bukaeran agur esango digu kaixomaitia.eus harremanak edukitzeko euskarazko webguneak. 17 urteko ibilbidearen ostean, mezu baten bidez jakinarazi du erabakia bere sortzaile eta kudeatzailea den Iñigo Arandia Galarragak. Hori bai, gehitu du, norbaitek nahiko balu, prest dagoela erreleboa pasatzeko.
2007ko otsailaren 14an hasi zuen bere jarduna webguneak. Ordutik hainbat ekimen bideratu ditu: Euskal Herritarron harreman afektibo eta sexualen inguruko ikerketa, Sexuinkesta 2016tik 2020ra, Kontaketa Erotikoen Lehiaketa…
Urte hauetan zehar 20.000 erabiltzailetik gora izan dira webgunean izena eman dutenak, 10 milioi bisitatik gora, milioi bat saio, 200.000 online mezu… 2020a, pandemia urtea, arrakastatsuena izan zen (2.000 erabiltzaile berri izan zituen). Ordutik, ordea, webguneak behera egin du eta honi eusteak inbertsio, ilusio eta behar berriak eskatzen ditu: webgunean lan egin eta diru sarrera egonkorragoak (dirulaguntzak barne) bermatu. “Hau aurrera eramango duen pertsona ez naiz ni jada eta beste proiektu batzuei heltzeko garaia iritsi zait”, dio bere mezuan Iñigo Arandiak.
Dena den, webguneak irailaren bukaerara arte martxan jarraituko du. Azken hilabeteetan harpidetzak eta izen-emateak doakoak izan dira astebetez, baina irailaren 30ean offline geratuko da, norbaitek testigua hartu nahi ez badu behintzat.
Izan ere, Arandiak jarraipen posible baterako atea irekia utzi du: “Bitartean lanean jarraituko dut proiektua beste eragile edo norbanako batek har dezan, zuk interesik izango bazenu jarri harremanetan eta hitz egingo dugu. (…) Hau egiteko epea urte amaiera bitarte finkatu dut eta abendu amaiera bitarte jarraipena emango dionik topatzen ez badut, behin betiko itxiko dut ataria eta honekin batera webgunearen kode eta datu guztiak behin betiko ezabatuko ditut”.