“Erronka handia izan da barruan dudan hori jendeaurrean agertzea”

Jokin Pinatxo musikari beratarraren proiektu barria da Janus Lester. Azken Trena taldeagaz eta bakarka ibili ostean, itxialdian hartu zuen proiektu barria sortzeko erabakia. Orain Mattin Arbelaitz (bateria), Garazi Esnaola (tekladua), Ane Bastida (baxua), Julen Suarez (tronpeta), Andoni Arriola (tronboia) eta Javi Echarri (kitarra) musikariakaz lagunduta dator.

Zerk inspiratu zintuen musikan hastera eta nolakoak izan ziren zure lehen urratsak
industrian?

Gure etxea beti izan da oso musikazalea eta arrebaren ibilbidea beti jarraitu izan dut oso gertutik. Horrez gain, txiki-txikitatik musika eskolan ibili izan naiz, sal-tsero hutsa nintzen eta denetarik probatu nahi nuen, horrela saxo, piano, gitarra… klaseetara joaten nintzen eta ondoren, herriko bandan eta txarangan jotzen hasi nintzen. Gainera, Beratarra izanik herrian musikari handiak ditugu eta beti jarraitu izan ditut euren proiektuak miresmen handiz, kontzertu ugari ikusiz eta hor kokatuko nuke nire hasiera, musikaz inguratutako haurtzaro batean. Ondoren, 18 urterekin edo lagun artean sortu genuen Azken Trena taldean hasi nin-tzen abesten. Hasiera batean formatu akustikoan bertsioak jotzen genituen eta pixkanaka-pixkanaka gure kantuak sortzen hasi ginen. 2020ko itxialdian berriz Janus Lester izango zena imajinatzen hasi nintzen, kantuak idazten, taldekideak bilatzen… eta 2022an aurkeztu genuen Ez Gaitzala Loak Harrapatu gure lehen diska.


Zeintzuk dira zure eragin musikal nagusiak eta nola nabaritzen dira zure estiloan eta abestietan?
Musika asko eta denetarik entzutea gustatzen zait, egia da arrebak soul eta blues musika ugari jartzen zuela etxean, baina era berean nik pop eta rock ugari entzun izan dut. Batzuk aipatzekotan, oso Queen zalea izan naiz, baina Damien Ricen abestiek ere beti erakarri naute. Artic Monkeysen diskak ere beti alboan izan ditut eta euskal musika ugari ere entzun dut baina abeslari roletik agian Eñaut Elorrieta edo Izaroren lanek izan dezakete eragin handiena nire kantuetan.


Zure sormen prozesua deskriba dezakezu abesti bat osatzerakoan?
Nire logelan eta bakarka hasi ohi dut prozesua gitarra eta mugikorreko grabagailua alboan. Gustuko melodiaren bat ateratzen zaidanean gorde egiten dut eta ondoren garatzen joaten naiz. Hasiera batean, ingeles itxurako hizkuntza asmatu batean abesten ditut melodiak eta behin kantuaren hezurdura osatuta lokalean elkartzen naiz musikarekin. Bertan, probatzen ditut hainbat ideia eta taldekideen ekarpenak jasotzen ditut eta ondoren, berriz itzultze naiz logelara. Oraingoan ordenagailu aurrean lokalean eginiko ideiak grabatu eta abestia maketatzen hasten gara, izan di­tzakeen soinuak, kolorea, egiturak probatzen eta behin abestiaren egitura dudanean letra sortzen dut, aurrez asmatutako hizkuntza horren fonetikara egokitzen saiatuz. Prozesua ez da beti berdina, baina esango nuke abesti gehienak horrela sortu ditudala.


Euskal Herrian ez ezik munduko beste herrialde batzuetan abestu duzu ere, hala nola, Finlandian…
Esperientzia polita izan da, logelan sortu dituzun kantak edozein txokotan jotzea zoragarria da, baina hizkuntza ulertzen ez duten horietan jendea dantzan hasten dela konturatzea edo abesti sakonagoren baten melodia entzutean emozionatu direla ikustea sekulakoa da. Gainera, batzuk errepikatzen diren lelo horien antzeko zerbait kanta­tzen saiatzen dira, eta publikoarekiko lotura hori lortzea sinestezina da.

Zein izan da zure ibilbidean izan duzun erronkarik handiena eta zein da zure ustez orain arteko lorpenik bikainena?
Neretzat erronkarik handiena beti izan da barruan dudan hori jendeaurrean agertzea. Pertsona lo­tsatia naizela uste izan dut beti, eta gauza berriak edo kantu berriak sortzerakoan lokalean erakusteak niretzako erronka konstante eta handia da. Zer esanik ez hori gero jende aurrean abesterakoan. Era berean, jende berria ezagutzeak asko urduritzen nau eta azken urteetan musika munduko jende asko ezagutzeko aukera izan dut eta hor ibiltzea ere erronka ederra izan da niretzat. Lorpenik handiena berriz, lagun talde bihurtu den lan taldea osatzea izan da. Horrekin batera, Euskal Herriko txoko askotan zuzenekoak ematen aritzea da zalantzarik gabe beste lorpen garrantzitsua niretzat. Oso babestua sentitzen naiz eta plazaz plaza gure abestiak abesten dituztela entzutean oraindik ere emoziona­tzen naiz.


Ikusi izan dugu Izaro Andresekin erlazio estua duzula, nola sortu da zuen arteko adiskidetasuna?
Aipatu bezela azken bi urteotan jende asko ezagutzeko zortea izan dut eta tartean asko miresten
ditudan artistak. Horietako bat da Izaro, hasiera hasieratik jarraitu dut bere ibilbidea eta zuzeneko ugaritan ere publikoan izan naiz. Janusekin hasi ginenean berriz, Garazi teklista eta Txiki baxu jolea ezagutzen nituen, orain bion proiektuetan aritzen dira eta Cerodenero diska grabatzen ari zirenean, ahots ugariko abesti bat zutela eta estudiora gonbidatu ninduten ahots kapa ezberdinak grabatzera, hortxe sortu zen elkarlana.