LIBURUAK

MUNDU ZITALAREN KONTRA

Kiosko bat Benidormen, hondartzako pasealekuaren aurrean, garai batean egunkariz eta bezeroz mukuru, gaur egun ahanzturaren eta dekadentziaren ikur bihurtua. Eta bertan bi emakume lanean, goiz eta arratsaldeko txandetan: Pilar, XX. mende erditsuan kioskoa ireki zuen arrantzalearen alaba, ahizpa zahar elbarriarekin bizi dena; eta neska gazte bizkaitar izenik gabeko bat, udan lantxo bat izateko hara joana, bere barruko lainoetatik ihesi akaso. Bi bakardade paraleloren kontaketaren bidez, egungo gizartearen erretratu zorrotz bat egiten du egileak: identitate lausoak, harreman zehaztugabeak, helburu eta esperantza argirik gabe noraezean ibiltzea…

Lizar Begoña • Elkar argitaletxea

MEMORIAREN GILTZA

Iruñean, 1938ko maiatzaren 22an, 795 presok ihes egin zuten frankismoaren espetxerik gogorrenetako batetik: Ezkabako gotorlekutik. 207 hil zituzten. Indio eta Tania sarri ibiltzen dira Ezkaba mendiko baso, bidezidor eta hegietan, zer suma, zokomiran. Arratsalde batean ikusitakoak, ordea, asaldatuta utzi ditu erabat. Zer dira eskeleto horiek? Zer da gizon-emakume horiek hezurren artetik atera duten botila hori? Ondoko egunetan, beste aurkikuntza garrantzitsu bat egingo dute Zubixarreko siman: giltzatzar herdoildu bat. Ezustean, iraganeko hainbat pasarte ilunen ateak zabalduko dizkie giltza horrek: Ezkabako gotorlekua espetxea zen garaian gertatu zen ihesaldi harrigarriaren berri izango dute, eta giltzapean egondako memoriak askatzen lagunduko dute.

Ramon Olasagasti • Erein argitaletxea