Iker, “aizkoretako mutila” edo “zartaginetakoa” bezala ezaguna, naturarekin eta bizimodu buruaskiarekin obsesionatuta dagoen gaztea da. Hirian haurtzaroa bizi ondoren, hiriko bizitzak ez zuela asebetetzen konturatu zen, eta aitona-amonen eskuzko trebetasunak eta biziraupenekoak ikastea erabaki zuen, bushcraft komunitatean integratuz eta ikus-entzunezko edukia sortuz bere ezagutza partekatzeko.
Nola eragin zuten haurtzaroan Orbaibarren izandako esperientziek landa-eremuarenganako eta naturarenganako adierazten duzun maitasunean?
Valdorbako edo Orbaibarko nire bizipenak oso bitxiak dira. Berez, ez dut harreman genealogikorik haranarekin, nire familia Goizuetatik, Saldiasetik eta Artaxoatik dator. Hori bai, bere garaian, nire aitonak etxe bat eraiki zuen hemengo herritxo batean eta harrezkeroztik, nire aitaren herria izan zen. Hiru urte nituelarik Orbaibarreko herria utzi genuen, Iruñera joateko. Hala ere, herriarekiko harremanari eutsi genion eta azken urtean itzuli gara. Edozein moduan, haurra nintzela gurasoekin asteburu guztietan mendira joaten nintzen, Nafarroa osoan zehar. Eta nahiz eta Orbaibarrekin harreman berezia mantentzen
dudan, nire bihotza Nafarroako iparralde hezean dago. Orbaibarreko natura lehorra da. Batzuetan pagadiak ikusten dira, edo haritz basoak, baino nekazaritzaren ondorioz, orokorrean lehorra.
Zerk bultzatu zintuen Basquecraft pandemian sortzera?
Baneraman denbora Youtubeko bushcraft bideoak ikusten. Harrituta gelditu nintzen gaiarekin. Gaur egungo gazteok, eta, bereziki, gure gurasoek, naturari buruzko mezu desegokia jaso dugu. Dena debekatuta dago, sua egitea ezinezkoa da, egurra moztea, ezta pentsatu ere. Hala ere, horiek izan ziren gizakien oinarriak, gure aitona-amonen garaia arte mantendu ziren ohiturak eta egin beharrak. Eta horri buruz bideoak ikusi hasi nintzenean, 17 urteekin-edo, gaiaz ikasten hasi nintzen. Pandemia garaia iritsi zen, 21-22 urte nituelarik eta lan faltagatik, bushcraft-ari buruz, naturari buruz eta gure arbasoen bizitzari buruz ikertzen hasi nintzen. Gai ederra, baino oso zabala eta praktikoa, ordu asko sartu behar baitira teknika berriak probatzeko. Orduan, hobe ikasteko, bideoak egitea ideia ona izango litzatekeela pentsatu nuen. Astero bideo bat sortzen banuen, astero zerbait berria ikasiko nuen bideoan ongi azaltzeko. Ikasten eta ikasten, bideo hobeak sortzen hasi nintzen eta beno, gaur egun poz-pozik nire lanean bihurtu dela erran dezaket.
Nolakoa izan zen YouTubeko kanal batetik artisau-produktuen marka baterako trantsizio-prozesua?
Youtubetik soldata duin bat jasotzeko milioika ikustaldi jaso behar dira hilero. Horretaz aparte, lan ezegonkor eta berria da, ezin dugu jakin noiz arte iraungo duen. Beldur horrekin, kanal askok etekinak
dibertsifikatzea bilatzen dute. Nik, nolabait, berdin egin dut, baino nire filosofiarekin. Nik berez, ez dut besterik gabe saltzean sinesten. Gizarte hiperkontsumista batean bizi gara jada, horrek sortzen dituen eraginekin. Zerbait egitekotan, ongi egin nahi nuen, nire oinarriei jarraitzen, nik ez baitut edozer gauza erosten. Horregatik, guzti-guztia gure kabuz egin izan behar dugu. Artisau guztiekin harremanak sortu, garraio enpresetan prezio merkeena bilatu, webgunea gurk egin, gairi buruzko legedia irakurri, produktuak eta logoak diseinatu, merkatua ikertu, etab… Lan potentea izan da, ia urte batekoa. Gaur egun oraindik lan handia ematen du eta seguruenik langileren bat kontratatu beharko dugu epe ertainean.
Zer rol jokatu du zure emazte Rasa Zebuolytek Basquecraften garapenean?
Nire emazterik gabe, Basquecraft ez litzateke existituko, edo gutxienez, edukiaren kalitatea askoz
txarragoa izango litzateke. Rasak, Komunikazioa eta Sare Sozialak kudeatzen unibertsitatean ikasi zuen, gai oso garrantzitsuak gaur egungo munduan eta, bereziki, nire arloan. Berak komunikazioa eta marketina lantzen du eta beti ibil-tzen da ideia interesgarriak ikertzen eta martxan jartzen. Horretaz gain, gure pakete guztiez arduratzen da, dendaren stocka kontrolatzen du eta, materiala falta zaigunean,
inbentarioa kudeatzen du.
Nola lortu zenuen Basquecraft merkatuan azkar nabarmentzea?
Oraindik badaude artilea lantzen duten artisauak. Herri eta hiri azoketan ikusten dira askotan, eta lan ederra egiten dute. Baina, gaur egun, produktu bat zabal-tzeko tresnarik erabilgarriena internet da, eta, hor, sare sozialek eragin handia dute. Nik YouTuben kanal handi samarra nuenez, lan gogorrena eginda neukan behintzat. Denda mar-txan jarri genuenean, 300.000 jarraitzaile inguru genituen, eta nahikoa zen produktuak YouTuben aurkeztea. Egia da hasiera batean manta gutxi sortu genituela, baina behin arrakasta ikusita, kostatu zaigu produkzio erritmoari eustea eta mantak ez agortzea.
Zer erronkari egin behar izan diozu aurre, galtzen ari zen tokiko artilea beriro merkaturatzen hasteko?
Artilea merkea da, guztiok badakigu. Askotan mendian bertan botatzen da aprobetxatu gabe,
salmenta prezioa oso txikia delako. Arazoa artilea lantzerakoan dator. Garbitze prozesua luzea da eta ur asko erabiltzen da ere. Gaur egun maila lokalean, ez dago artilea garbitzeko leku apropos bat eta Portugaleko edo Espainiako zenbait eskualdetara bidali behar da. Eta, behin garbitua, landu behar da, orduak eta egunak har ditzakeen prozesua izanik.
Nolakoa izan da Basquecraften harrera Nafarroatik eta Euskal Herritik kanpo, eta zein plan dituzu nazioartean hedatzeko?
Oso harrera ona izan dugu! Euskal Herrian, orokorrean, eta biziki Nafarroan, bertako produktuak maite ditugu. Harroak gara, eta gurea dena estimatzen dugu. Bestalde, Espainian harrera oso positiboa izan dugu eta poliki-poliki, Europako merkatuetan sartzen saiatuko gara. Gure produktuak, bertakoak eta
askotan ekoizpen ekologikokoak, garestiak dira merkatuaren beste aukerekin konparatuz, baino hala ere, Europan ikusten diren prezioak baino merkeagoak dira oraindik. Nazioartean hedatzeko mugarik handiena bidalketa da. Jarraitzaile asko ditugu kontinente amerikar osoan, eta aunitzetan galdetzen
digute bidalketa egitea posible den. Zoritxarrez, oraindik ez dugu bidalketa merke bat egiteko modurik.