Umeen portaera-arazoak ileko kortisol-maila handiagoekin lotuta daude

Estres-egoerei erantzuteko gorputzak jariatzen duen hormona da kortisola, eta, estres kronikoa aztertzeko, oso erabilgarria da ileko kortisol-kontzentrazioa neurtzea. «Kortisola, besteak beste, odolean, listuan eta txizan egon ohi da, eta horiek une bateko kortisol-maila adierazten dute; baina ilean, ordea, kortisola metatu egiten da, eta hori epe luzeagoko estres-mailaren adierazle da, alegia, estres kronikoarena», azaldu du Ane Arregi Otxotorena Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko ikertzaileak.

Basque Environmental Health Research Group taldeko ikertzaileak 11 urteko haurren ile-laginak erabili ditu estres kronikoa ebaluatzeko. Ikerketa egiteko datuak INMA (Infancia y Medio Ambiente) proiektutik hartu ditu; haurren eta familien askotariko datuak hartzen dituzte amaren haurdunalditik hasita epe luzerako ikerketak egiteko.

Hala, ikerketan ondorioztatu dute, batetik, portaera-arazo handiagoak ileko kortisol-maila handiagoekin lotuta daudela. Gainera, «amaren estresa haurren potaera-arazoekin erlazionatuta dagoela ikusi dugu. Horrek esan nahi du amaren estresak ere haurren portaera-arazoen bidez eragina izan dezakeela haurren kortisol-mailetan. Nolabait bi pausoko bide horretan zehar», azaldu du Arregik.

Bestetik, espero ez zuten zerbait ere aurkitu dute: «Ingurumen-zaratarekiko esposizio altuago bat kortisol-maila baxuagoekin erlazionatuta dago. Ikusi dugu zenbat eta zarata-maila altuagoa izan, orduan eta kortisol-maila baxuagoak ageri direla. Analisia sexuaren arabera banatzean, erlazio hori mutilen kasuan soilik zen esanguratsua», aipatu du. «Litekeena da zaratak eragindako hasierako estres akutuak une bateko kortisol-mailen igoera bat eragitea, baina epe luzeko zarata-esposizio altu batek eragiten duen estres kronikoak kortisol-maila jaistea», gehitu du.