Bermeoko Udalak Lokalbide programarekin jarraituko du beste urte batez. Hala eta guztiz ere, aurten programaren oinarriak berritu egin dira. Maite Caruezo Ugalde Garapen Ekonomikorako zinegotziak azaldu du, programaren beharrizanak aztertu dituztela, eta ekintzaileei prozesua errazteko asmoz, oinarriak berritzeko erabakia hartu dutela. Hortaz, aurten bi diru laguntza lerro eskainiko ditu Lokalbide programak. Orain arte moduan, ekintzaileek Lokalbide programako lokal hutsen alokairuaren kosturako diru laguntza eskatu ahalko dute, eta gainera, berritasun modura, lokal hutsetan birgaitze lanak egiteko diru laguntzak ere eskatu ahalko dituzte.
Caruezo zinegotziak gogoratu du Lokalbide programaren helburuak direla, Bermeoko Alde Zaharrean kokatuta dauden lokal hutsei ikusgarritasuna ematea eta ekintzailetza sustatzea, eta laguntzak ekintzaileei ematen zaizkiela nabarmendu du.
Alokairuaren zati bat ordaintzera bideratuta dagoen dirulaguntza lerroaren kasuan, onuradunek, gehienez, 3.600 euroko diru laguntza jasoko dute, 300 euro hilabete bakoitzeko. Mota ugaritako negozioak izan daitezkeela aipatu du: saltoki txikiak, pertsonentzako zerbitzu-enpresak, ostalaritza, artisau tailer txikiekin edo antzekoekin (arrantza eta elikadura, turismoa, adimen artifiziala, irtenbide digitalak) lotutako jarduerak… Dirulaguntza hau emateko modua ere aldatu dutela esan du Garapen ekonomikorako zinegotziak: «Aurrerantzean, diru laguntzaren %50a esleipenarekin emango da, eta beste %50a enpresak urtea betetzen duenean».