‘Go!azen’ telesailaren arrakasta eztabaidaezina da. Dagoeneko ongietorria 11. denboraldiari eman behar diogu eta ezbairik gabe, oraingoak ere, bide beretik jarraituko du. Izan ere, datorren irailaren 27an 11. denboraldiko lehen atala ikusteko aukera izango da eta aurrestreinaldi horretarako sarrerak agortu dira. Hitzordua Donostiako Belodromoan izango da, 2024ko Zinemaldiaren baitan.
Fenomeno ikaragarri baten aurrean gaude. Datu bat emango dugu hori baieztatzeko: aurrestreinaldi horretarako sarrerak hiru ordu baino gutxiagoan agortu ziren. Zur eta lur.
Eta zer ikusiko dute irailaren 27an hurbilduko direnek? Aurrekoetan bezala, proiekzioaren aurretik protagonistak oholtza gainera igoko dira, bertaratutakoei zuzeneko ikuskizuna eskaintzeko.
Abentura eta istorio berriekin, aurten ere aurreko denboraldietako pertsonaia ezagunak ikusiko ditugu: Garazi (Nerea Elizalde), Gontzal (Kimetz Etxabe), Saioa (Mikele Arizkorreta), Luken (Ander Lacalle), Ane (Xabier Elizalde), Bosko (Ander Ayerza) edo Maitane (Nerea Arriola); baina, beno, beste denboraldi berri bati ongietorria emango zaionez beste aurpegi berri batzuk ere izango ditugu bertan: Izar (Irati Marin), Joritz (Julen Taboada), Alaia (Adriana Sanchez), Manex (Ander Murillo), Oihane (Garazi Urkola) eta Leire (Sara Cozar).
Maitasuna, adiskidetasuna, desadostasunak eta umorea bilduko dira, besteak beste, Basakabin. Hori guztia, gainera, euskal abesti onenekin batera. Hori bai, pazientzia oraindik, izan ere, denboraldi berria udazkenean iritsiko baita!