Ohiko prozesatutako haragi gorriaren kontsumoak, izan saltsitxak, xingarra, saltxitxoia, salamia edota mortadela, dementzia garatzeko arriskuak gehitu ditzake. Hori baieztatu du Alzheimer’s Association elkarteak egindako ikerketa batek. AEBetako 130.000 helduri jarraipena egin zaie 43 urtez ondorio honetara iristeko.
Ikertzaileek aurkitu dutenaren arabera, astero, gutxi gora behera, bi errazio haragi gorri kontsumitzen dituztenek dementzia garatzeko %14 probabilitate gehiago dute hilabetean hiru errazio edo gutxiago jaten dituztenekin alderatuta.
Alta, ez prozesatutako haragi gorria jateak ez zuen dementzia garatzeko igoera esanguratsurik erakutsi, nahiz eta, eguneroko kontsumitzaileek pertzepzio kognitiboaren murrizketaz informatu zuten.
Elikagai ultraprozesatuak, prozesatutako haragi gehienak barne, etxeko sukaldean ohikoak ez diren osagaiekin sortzen diren produktuak dira.
“Frogatu da haragi gorri prozesatuak minbizia, bihotzeko gaixotasuna eta diabetesa izateko arriskuak ere gehitzen dituela. Garunari ere eragin liezaioke, kaltegarriak diren substantzien kopuru altua baitute, hala nola nitritoak eta sodioa” baieztatu du Yuhan Li-k, ikerketaren autore nagusiak.
Hau jakinik, adituek dietan aldaketak egiteak gomendatzen dute: azukredun edarien eta haragi prozesatuaren kontsumoa gutxitu eta elikagai ez prozesatutakoak eta zuntz askokoak txertatu, gure garun osasuna epe luzean egoki mantentzeko.