Zientzialariek aurkitu berri dutenaren arabera zuhaitzen azala gai da atmosferatik metano gasa ezabatzeko. Gauza jakina da, zuhaitzek karbono dioxidoa ezabatzen dutela atmosferatik, baina ikerketa berri honek beste onura gehigarri bat topatu du: Zuhaitzetako azalean ezkutuan dauden mikrobioek metanoa, —berotegi efektua eragiten duen gasa—, xurgatzeko ahalmena dute.
Birminghameko unibertsitateak zuzendutako nazioarteko ikertzaile talde batek, lehenengo aldiz frogatu du, zuhaitzen azalean bizi diren mikroorganismoek, eta baita egurrak berak, metanoa ezabatzeko ahalmena dutela.
Aurkikuntza honegatik, orain badakigu zuhaitzak klima orokorrerako, uste zena baino %10 onuragarriagoak direla. Izan ere, metano gasa berotegi efektuaren errudunetako bat da, eta gas honen igorpenak hazi baino ez dira egiten urtez urte. Orain arte, bagenekin zuhaitzek karbono dioxidoa xurgatzen zutela fotosintesi bidez, orain, badakigu metanoa xurgatzeko ere gai direla. Aurkikuntza hau ezinbestekoa izan liteke krisi klimatikoaren aurkako borrokan.
Nahiz eta metanorik gehiena atmosferan ezabatzen den, lur azalean dauden bakterioek ere gas hau xurgatzen dute eta euren erabilerarako deskonposatzen dute. Orain arte, hori egiteko gai ziren bakarrak lurreko bakterioak zirela uste zen, baina orain badakigu zuhaitzek ere badutela ahalmen hori.
Ikerketan, leku ezberdinetako zuhaitz ezberdinak aztertu ziren, hasi baso tropikaletatik eta iparraldeko basoetaraino. Behatu zenaren arabera, metanoaren xurgatze maila handiagoa da baso tropikaletan, bertan dauden baldintza epel eta hezeengatik.
Iturria: Nature