LIBURUAK

ZOO

Paraje urruneneko kanpin galduenera bakardade bila doan familia, igerilekuko monitore gisa diru pixka bat atera nahi duen ikaslea, parranda-asmotan dabilen gazte-taldea, tribu osoa inguruan biltzen duten matriarkak, autokarabanak elkarri erakutsiz lehiatzen diren bikoteak, lehenbiziko muxuaren urduritasuna, udako lehenbiziko ligearen sentsazioa, lehenbiziko adar-jartzea probatuko duena… Askotarikoa da kanpinetan mugitzen den fauna, eta horren lagin eder bat dakarkigu idazleak ipuin-bilduma honetan: istorio jostalari eta argiak, begirada zorrotz baina amultsua zuzentzen diotenak giza jendeari, gure ahulguneak umorez hartu, eta opor giroa dagokion arintasunaz ospatzen dutenak.

JOSEFA NESKAME

Josefa Agirre Etxeberriaren bizitza berreraiki nahi du egileak, haren bilobak. Baina, nor izan zen Josefa? 1928an Azpeitiko baserri batean sortutako emakumea, 12 urte bete orduko neskame lanetan joan zena, eta geroztik bizitza osoan zerbitzari aritu zena. Alabaina, egileak bere ikerketan aurki deskubrituko du inon ez dagoela agiririk, paper ofizialik bere amama bezala egoera berean beste pertsona batzuek igaro behar izan zituzten baldintza gogorrak frogatzen dituenik. Zer egin froga enpirikorik ezean? Josefari buruz saiakera bat idaztea. Bizitza konplikatua eta nortasun konplexua izan zuen pertsona baten nondik norakoa; eta, aldi berean, isiltasunera kondenatutako guztiei hitza emateko ahalegina, ikusezinak ikusgarri bihurtzekoa.