Wakeboard edo ur-eskia, udarako kirol bikaina

Izena ingelesetik dator; wake hi­tzak ubera esan nahi du, itsas­ontziek uzten dutenari erre­ferentzia eginez, eta board hitzak taula esan nahi du. Wakeboarda uretako eskiaren, surfaren eta snowboarda­ren arteko diziplina da. Taula laburra eta beira-zun­tzez estalia erabiltzen da. Taularen gainean oreka manten­tzean datza, soka bati heltzen diogun bitartean. Helduleku hori, aldi berean, uretako txalupa edo motor bati lotuta dago, eta taula abiadura handian arrastatzen du. Lan fisikoa, natura, ura eta diber­tsioa nahasten dituen kirola da. Taula duen uretako eski modalitate bat da. Gomendagarria da sasoian egotea, oso kirol gogorra baita, eta uretan irristatzen zaituzten bitartean indar handia mantentzeko gai ez bazara, litekeena da etengabe eror­tzea.

Zeelanda Berrian 80ko hamarkadan jaio zen

Wakeboardaren jatorria 80ko hamarkadan dago, surflariak txalupa batekin arrastaka eramaten zituztenean joateko zailak ziren lekuetara iristeko. Kirolari horiek desplazamendu-denbora aprobetxatzen zuten surfa egiteko, eta, horrela, Zeelanda Berrian skurfing terminoa erabiltzen hasi ziren, erdi skatea eta erdi surfa. Pixkanaka, eboluzionatzen joan zen, eta taula meheagoak erabiltzen hasi ziren, gutxiago flotatzeko eta abiadura handitu ahal izateko. Hala, snowboardeko taulen antzekoak eraikitzen hasi ziren, baina ur-ingurunera egokituta. 1989an, kirol berri hori ofizial egin zuen World Wakeboard Association sortu zen.

Ekipamendua: ezinbesteko 7 gauza

WAKEBOARD TAULA

Kirol hau egiteko elementu nagusia da. Snowboardekoaren antza du, baina pixka bat laburragoa eta zabalagoa da, eta jarrera segururako finkagailuak ditu. Taularen forma wakeboarderraren pisuaren eta altueraren araberakoa da. Ohol luzeenak eta zabalenak egokiak dira txalupa baten atzean wakeboarda egiteko, ur astinduen eta abiadura azkarragoen artean ibili ahal izateko. Laburrak, berriz, park kablean erabiltzen dira.

BOTAK

Irekiak edo itxiak izan daitezke. Irekiak tailu desberdinetara egokitzen dira, baina ez dute itxiek adina finkapen ematen.

FINKAPENAK

Kirolariaren bota taulari lotuta egotea ahalbidetzen dute.

SOKA

Kontuan izan behar da kirolariaren maila eta abiadura. Sokaren luzera 19 metrokoa izan daiteke kirolari hasiberrientzat, eta 26 metrokoa, aurreratuenentzat.

PALONIERRA

Palonierra da wakeboarderrari eusten diona eta itsasontziari sokaren bidez lotuta dagoena. Ur gaziak eragindako hausturarekiko eta higadurarekiko erresistentea izan behar du.

SALBAMENDU-TXALEKOA

Gorputzari ondo lotuta egon behar du, eta ahalik eta erosoena izan behar du.

KASKOA

Buruan kolpea hartzea ekiditen du, eta hotzetik, hezetasunetik eta eguzki-izpietatik babesten du. Kolore deigarriak izaten dituzte, kirolaria errazago aurkitzeko. Bigunak eta zurrunak daude, eta azken horiek deserosoagoak dira, baina seguruagoak eta indartsuagoak. Belarri-babesak dituzten kaskoek belarrian min hartzea ekiditen dute.

2 Wakeboarding mota

WAKEBOARD ITSASONTZIAN: Modalitate nagusia da, eta kirolariari tira egiten dion uretako motorraren edo txaluparen bidez egiten da. Garrantzitsua da txalupak edo motorrak dorre bat izatea kablea goitik lotzeko. Kablea txaluparen atzealdean lotzen badugu, oso behean geratzen da; beraz, zutitzea eta wake taularekin salto egitea oso zaila izango da. Wakeboarda itsasontzian egin daiteke, aintziretan edo itsasoan.

WAKEBOARD KABLEZ:Pil-pilean dagoen praktika bat da. Merkeagoa eta azkarragoa da txalupan egitea baino. Kableski edo wakeparkean, laku txiki edo igerilekuetan, kable elektriko batek tira egiten die kirolariari eta bere taulari.