Gaur egun, telebista sistema tradizionala iraganeko kontua bihurtu da euskal gazteentzat, plataforma digitalak eta sare sozialak baitira gazteen aisialdirako aukera gogokoenak. Netflix, Youtube, Max, Disney Plus, Amazon Prime Video… Horiek guztiak asko erabiltzen dituzte gazteek, baina pixkanaka EITBren eskutik 2023ko irailaren 15ean ireki zen Primeran plataforma gero eta leku handiagoa hartzen ari da. Hori ondoriozta daiteke Ikusikerreko Ikus-entzunezko Behatokiak unibertsitateko ikasle-talde bati egindako galdetegiaren emaitzak irakurrita. Behatokiak gazteen ohiturak aztertu ditu plataformetan, eta txosten batean jaso ditu. EHUko eta NUPeko ikasleei egindako galderak dira.
Netflix gazteen artean plataforma nagusia da gaur egun, eta Amazon Prime Video bigarrena. Lortutako datuen arabera, % 71k Netflix erabiltzen du, eta % 66k Amazon. Primeran plataforman, euskaraz sortu eta edukia ematen duen plataforman, unibertsitateko gazteen % 11 erregistratu da. Azpimarratzekoa da Primeran gazteek erabiltzen dituzten plataformen zerrendako doako zerbitzu bakanetakoa dela, nahiz eta oraindik Netflix eta Amazonetik oso urrun ibili. Primeran plataformaren datu berdinekin Anime Flv dago, animeak ikusteko munduko webgune handiena. Generoari dagokionez, emakumeak dira plataforma digitalen erabiltzaile nagusiak. Salbuespen bakarra Movistar Pluseko eta DAZNko datuak dira, mutilak baitira nagusi, agian plataforma horiek batez ere kirolera bideratuta daudelako.
Euskara gutxi oraindik
Hizkuntzari dagokionez, gazteen % 66k ikusten ditu plataformen edukiak gaztelaniaz eta % 22k ingelesez. Euskaraz ikusten dutenen ehunekoa oso txikia da oraindik, % 1ekoa, baina badirudi hazten doala, eta joera horretan jarraitzea espero da. Ikusikerreko ikertzaileek azken seriea edo filma zein plataformatan ikusi duten ere galdetu diete ikasleei. % 1ek erantzun du Primeran izan dela kontsumitutako azken plataforma, eta % 46k erantzun du Netflix izan dela.
Emaitzen arabera, badirudi egiten ari diren ikasketa motak ez duela eragin handirik. Lehen mailako unibertsitateko ikasleen % 8k du kontua Primeran programan, % 11k bigarren mailan eta % 12k hirugarren mailan. Netflix eta Amazonen kasuan, joera koiunturala da, hau da, unibertsitatean sartu berri diren gazteek kontsumitzen dute gehien. Maiztasunari dagokionez, gazte gehienek astean bi eta bost aldiz erabiltzen dituzte plataforma digitalak, egunero 30 minutuz, eta ohikoagoa da emakumeen artean.