Planeta urdin batean bizi gara, lurraren azaleraren % 70 baino gehiago ozeano eta itsasoek estaltzen dute, eta baliabide naturalak eta elikagaiak ematen dizkigute. Era berean, ozeanoak funtsezkoak dira klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko; izan ere, klima erregulatzen dute eta atmosferako bero handia xurgatzen dute. Garrantzitsua izan arren, ozeanoek eta hondartzek aurrekaririk gabeko mehatxuei egin behar diete aurre, giza jardueraren ondorioz. Hondartzak zaintzea erantzukizun partekatua da, eta konpromiso aktiboa eskatzen du, bai bisitariena, bai tokiko komunitateena. Hondartzak helmuga turistikoak baino askoz gehiago dira; askotariko basa-bizitza duten habitatak dira, eta itsasoko eta kostaldeko ekosistemetan egiteko garrantzitsua betetzen dute. Kutsadurak eta deskuiduak ondorio suntsitzaileak izan ditzakete, bai edertasun estetikoan, bai osasun ekologikoan.
EAEko hondartzarik onenak
Euskadin ia 260 km-ko kostaldea eta 32 hondartza daude. Azken horietako bik, National Geographicen azken ikerketaren arabera, estatuko 25 hondartza onenen artean egotea merezi dute. Lehenengoa Laga hondartza da, Urdaibaiko Biosfera Erreserban dagoena. Erakunde ospetsu horren arabera, “Euskal Herriko hondartzarik onenetakoa da” eta “Kantauri itsasoan surfa egiteko onena”. Gainerakoen artean gailenarazten duena dunak dira, “harea fin eta urre kolorekoa” baitu, eta olatu laburrak, “eskuineko eta ezkerreko tontorrekin”.
Beste hondartza nabarmena Itzurun da, Zumaian. Game of Thrones telesailaren eszenatoki izateagatik ezaguna izateaz gain, “urre koloreko harea eta ez oso zabala” izateagatik nabarmentzen da, baita “balio geologiko handiko” itsaslabar ikusgarriengatik ere. Hala ere, balio ekologikoa duten arren, gure hondartzak eta, oro har, hondartza guztiak etengabeko mehatxupean daude, kutsadura eta giza deskuiduak direla eta. Inguru natural horiek babesteko, arreta, zaintza, kontzientzia eta heziketa behar dira. Hondartzak zaintzea eta garbi mantentzea guztion betebeharra da; gure esku dago hurrengo belaunaldiek, etorkizunean, atseden hartzeko paraje horietaz gozatu ahal izatea, guk hemen eta orain gozatu ahal izan ditugun moduan.