Nola sortu zen Vadoconquis sortzeko ideia eta zerk inspiratu zuen haren garapena?
Inspirazioa ETBko El Conquistador del fin del mundo saioa izan da. Saioaren jarraitzaile sutsuak izan gara betidanik kuadrillan, eta harenganako omenaldi gisa sortu genuen Vadoconquis saioa.
2020an, COVIDaren pandemian bete-betean murgilduta, uda hartan zer egin ez genekiela (atzerrira joateko ezintasunak artean), amets egiten hasi ginen El Conquis moduko esperientzia geure buruari biziaraztearekin. Bat probak sortzeko prest, besteak grabatzeko prestasuna agertu… Hasi ginen motibatzen, hasi ginen lanean, eta, gerora, ametsa errealitate bilakatu zen.
Zein izan zen programaren ekoizpena gauzatzeko prozesua, taldea ikus-entzunezkoen arloan esperientzia profesionalik ez duen lantalde batetik datorrela kontuan hartuta?
Egia aitortzeko, taldean bada ikus-entzunezkoetan aditurik: David Arriola (programaren aurkezlea) eta, bigarren edizioan, Erik Campos ere bai. Gainon-tzekook euren esanetara ibili gara. Programa filmatu aurretik, prestakuntza txikiren bat eman ziguten, oinarri-oinarrizko kontzeptuekin (grabazioak horizontalean behar zuela izan, sekuentzia batean ahalik eta mozketa gutxien egiteko eskaera…), eta, neuri behintzat, hain oinarrizkoak iruditu ez zitzaizkidanak ere (adibidez, denok jarri behar ginela grabazio-ardatzetik alde berean, ondoren, edizioan, akzioak norabide komuna izan zezan). Filmatzeko orduan, mugikorrarekin besterik ez gara ibili, batik bat, baina pare bat gailu oso on ere baliatu izan ditugu. Grabaketa asko erdipurdikoak dira; editorearen meritua da lortu den emaitza zoragarria.
Zeintzuk izan ziren erronka handienak proiektua hastean eta nola gainditu zenituzten?
Prestaketa osoa alde batera utzita, erronka handienak logistikoak izan ziren. Jende asko ibili da bigarren edizio honetan laguntzen (20 lagun inguru antolakuntzan, kanporatzen joan ziren parte-hartzaile guztiez gain), eta guztiei lo egiteko tokia egin behar zaie, guztiei eman behar zaie jaten… Bestetik, ikus-entzunezko gailu asko erabili izan ziren, eta guztien edukiak irauli behar izan genituen disko gogor batera egunean birritan, memoria-txartelei lekua egiteko eta zetorrena grabatu ahal izateko. Gailuen bateriak ere kargatuta egon behar zuten uneoro… Gauza txiki asko hartu behar dira kontuan, eta buruak hamaika kontuei erne egon behar du aldi berean. Estres galanta han bizi izan genuena!
El Conquistador del Fin del Mundoren zein alderdik inspiratu zuten Vadoconquis sortzea, eta nola egokitu zenuten formatua haren ikuspegira?
Programaren egitura berak. El Conquistador del Fin del Mundo saioak uztartzen ditu natura, abentura, kirola, elkarbizitza, biziraupena, estrategia, azerikeria… Oso erakargarria da guretzat programaren formatua, eta, horri helduta, geure ukitua eman nahi izan genion proiektuari: ardoa ezker-eskuin sartu dugu, erbeste-kanpamendua, aldian-aldian ezusteko gidoi-biratxoak… Gainera, aurtengo edizioan, Vadocondes herriaren historia eta kultura probestu ditugu saioaren nondik norakoak girotzeko. Esango nuke nortasuna eman diogula gure programari, eta originaletik koxka bat urrundu garela horrekin.
Nolakoa izan da tokiko komunitatearen eta ikusleen erantzuna? Izan ere, ikusi dugu Latinoamerikako jarraitzaile asko dituzuela.
Ikusle andana lortu dugu. Gure ingurugirotik haratago, badakigu jarraitzaileak ditugula Bilbo osoan, Euskal Herrian, Burgosen, Espainian eta mundu osoan. Harrigarria da zenbat hegoamerikar jarraitu gaituzten; izan ere, Youtubeko iruzkinetatik, gehien-gehienak haienak dira.
Zer elementuk bereizten dute Vadoconquis beste konpetentzia-programa edo reality show batzuetatik?
Esango nuke oso agerikoa dela lagun-talde batek egina dela programa hau, eta ikusleek balioa ematen diote ezerezetik sortutako proiektu honi. Finantzaziorik ez dugu izan, denok egin dugu lan musutruk, borondate hutsez, eta, hala ere, lortutako emaitzak masila ona du, telebistetan ikusten diren beste saio profesional batzuekin alderatuta. Hain da harrigarria lortu duguna… Horrek bereizten gaitu gehienbat, baldintza horietan egindako beste ezer ez dagoela!
Azkenengo edizioan ikusi da Vadacondes herriaren inguruko informazio asko eman duzuela. Zein da zure iritzia Vadoconquisek Vadocondeseko herrian eta haratago izan duen eragin kultural eta sozialari buruz?
Oso hunkigarria izan da, bertatik baitatoz nire arbasoak. Hasieran, zalantza izan nuen hartutako erabakiarekin, ea herriaren pasadizo historikoak erakargarriak izango ote ziren ikusleentzat. Pentsatzen nuen, akaso, ikusleek ez zutela nahi izango gu itzulinguruetan entzun, aspertuko zirela agian, baina jaso ditudan iritziak oso positiboak izan dira. Nire ustez, Vadocondes eta haren kulturaren inguruko azalpenek programa asko edertu dute, eta asko lagundu dute girotzen.
Nola hautatzen dituzue parte-hartzaileak eta zer ezaugarri bilatzen dituzue? Izan ere,
aurtengo edizioan Euskal Herriko gune askotarikoko parte-hartzaileak izan dituzue.
Lehenengo edizioan, gure hurbileko lagunak baino ez ziren etorri. Oraingo honetan, deialdi publikoa egin dugu eta edonor onartzeko prest egon gara (ezezagunak barne). Egia esan, aurtengo castinga oso desatsegina izan da. Hautagai mordoa espero genuen eta oso gutxi izan ditugu. Izena emateko epea bukatu zenean, sei bat parte-hartzaileren bideoak baino ez genituen jaso. Deialdiaren porrota ikusita, proiektua bertan behera uzteko zorian egon ginen.
Jendearen atzetik ibili behar izan genuen 14 parte-hartzaileak lortzeko, eta, aste bakar baten faltan, lortu genuen lehiakide-taldea osatzea. Hautatzeko aukerarik ez dugu izan, beraz… Hala ere, esan beharra dago nahierara aukeratuta ere, zaila izango litzatekeela eramandako taldea hobetzea.
Zein izan da zure unerik gogokoena Vadoconquisen?
Inongo dudarik gabe, gauero-gauero hartzen genuen kalimotxoen tartetxoa. Lasaitu egiten ginen eguneko plangintza aurrera ondo zihoala ikusita, eta aprobetxatzen genuen bizi izandako guztiaz kuxkuxeatzeko.