Askotan, produktu toxikoak pilatzen ditugu etxean, eta horiekin ez dakigu oso ondo zer egin… Horren adibide dira, besteak beste, olioak, pinturak, lakak, disolbatzaileak, hidrokarburo-hondarrak, plastikoak, hodi fluoreszenteak, pilak eta toner/tinta kartutxoak. Bada, etxeko hondakin toxiko eta arriskutsu horiek behar bezala uzteko, Getxoko Udalak udalerrian aurreikusitako bederatzi puntu hurbilak edo Garbigertu Getxo martxan jarri ditu dagoeneko.
Puntu finko horiek eguneko 24 orduetan eta asteko egun guztietan egongo dira eskuragarri, herritarrei baliabideak emateko natura- eta hiri-ingurunean hondakinak kontrolik gabe ez isurtzeko, zaborrak biltzeko zerbitzu konbentzionalen bidez ezin baitira ezabatu. «Puntu horien helburua da etxeko hondakin arriskutsuen bilketa hobetzea eta handitzea, bilketa zerbitzu egonkor eta iraunkor baten bidez, udalerriko birziklatze-tasak handitzen jarraitzeko aukera emango duena. Ondoren herritarren harrera eta erabilera baloratuko da, horietatik urrun geratzen diren guneetan gehiago ipintzeko aukera baloratze aldera», aipatu du Iñigo Urkitza Ingurumen Zerbitzuko zinegotziak.
about:blank
Hurbiltasun-puntu horiek garbi gune mugikorrak edo furgonetak eskaintzen zuen zerbitzua ordezkatzen dute, eta astean ordubetez teknikariak izango dira herritarrei hondakinak leku egokietan uztearen inguruan sor daitezkeen zalantzak argitzen laguntzeko. Garbigertu edo hurbiltasun-puntu horietan aurrez aurreko langileen ordutegia honako hau izango da: astelehenetan, 17.30etik 18.30era, Gobelaurre parkean; astelehenetan, 17.30etik 18.30era, Malakate parkean; astearteetan, 13.00etatik 14.00etara, Gernika parkean; astearteetan, 13.00etatik 14.00etara Salsidun; asteazkenetan, 13.00etatik 14.00etara, Andra Mari kiroldegian; asteazkenetan, 13.00etatik 14.00etara Iturgitxi/Basarraten; ostegunetan, 13.00etatik 14.00etara, Bidezabal anbulatorioan; ostegunetan, 13.00etatik 14.00etara, Algortako Geltokia plazan, eta ostiraletan, 13.00etatik 14.00etara, Areetako Geltokia plazan.
Garbi gune hauetan jasotzen diren artikuluak oso produktu toxiko eta kutsatzaile gisa katalogatuta daude, eta osasunerako eta/edo ingurumenerako arrisku-iturri dira. Aipatutakoez aparte, bota daitezkeenak hurrengoak dira: olioak, pinturak, lakak eta bernizak, izotz-kontrakoak, disolbatzaileak, hidrokarburo-hondarrak, plastikoak, iraungitako sendagaiak, hodi fluoreszenteak, bonbillak eta lanparak, pilak eta bateriak, gailu elektronikoak, toner/tintako kartutxoak eta Cdak dira, besteak beste; baita birziklatu daitezkeen tamaina ertaineko beste hondakin batzuk ere (etxetresna elektriko txikiak eta altzari osagarriak, txatarra elektronikoa eta abar) eta ehungintzako produktuak. Beraz, horrelakoak badituzu, badakizu non utzi behar dituzun.