Azken ikerketa baten arabera, memoria musikalak ez ditu zahartzearen ondorioak pairatzen. Izan ere, musikak emozioak esnatzen ditu eta hauek memorian kodifikatzen dira.
Ikerketa ugarik erakutsi izan dute memoria, zahartu ahala, narriatu egiten dela. Orain, adinean aurrera egin ahala musika gogoratzeko dugun gaitasuna ikertu da.
Ikerketak, 90 bat heldu osasuntsu ikertu ditu. Pertsona horiek 18-86 urte bitarte zituzten. Parte hartzaileak gehienak Kanadako St John’s orkestraren kontzertu batean bildu ziren. Beste 31 pertsonak, kontzertu grabatua, laborategi batean ikusi zuten.
“Alzheimerra pairatzen duten pertsonek ezin dute ez hitz egin, ez pertsonak ezagutu, baina bai haurtzaroko abestiak kantatu edo pianoa jo” dio Sarah Sauve-k, musikan espezializatutako zientzialariak.
Ikerketan, aipatutako kontzertuan interpretatutako hiru pieza erabili ziren. Izan ere, pieza hauek ezagunak ziren parte hartzaileentzat. Horiez gain, bi pieza esperimental ere erabili ziren. Pieza horietako bat erraza zen entzuteko, besteak, ordea, ez zituen mendebaldeko musikaren melodia arau tipikoak.
Proba ezberdinak egin ondoren, ondorio garbia atera zuten: dirudienez, memoria musikala ez da narriatzen denboran aurrera egin ahala, beste funtzio kognitiboak murrizten badira ere. Honen arrazoia, musikak pertsonengan pizten dituen emozioak direla uste dute adituek. Honegatik, melodiak hobeto kodifikatuak egoten dira gure memorian. Gainera, musikak arau batzuk jarraitu ohi ditu, eta horrek ere errazten du prozesua.
Emaitza hauek ikusirik, adituek interes handia dago musika, bestelako informazioa memorian gordetzeko tresna moduan erabiltzeko, batez ere dementzia pairatzen duten pertsonen artean.