Udan gehiago irakurtzen duzun horietakoa bazara, aurtengo oporretarako proposamenak bildu ditugu Gaztean, ANTI liburu dendaren eskutik. Estilo guztietakoak bildu ditugu, momentuaren arabera hobeto datorkizuna aukeratzeko.
Hoy no he hecho nada, contra el afán de la productividad (GG)
Madeleine Dore idazleak produktibitatearen aurka lerratzeko gonbidapena egiten digu. Gizarteak eskatzen digun erritmo frenetiko horren atzean dagoenaz, gure buruari ezartzen dizkiogun helmuga eskuraezinez eta besteekin konparatzeko joeraz hausnartzen du Dorek. Aspaldian zure bide eta erritmo propioa bilatzen aurkitu baduzu zure burua, saiakera hau da uda honetan behar duzuna.
Zirriborroak eta gero, mundu posibleei buruzko istorioak eta fabulazioak (Consonni)
Kontakizun laburrak, euskal literaturaren izen handien eskutik. Danele Sarriugarte, Uxue Alberdi, Katixa Agirre, Harkaitz Cano, Lucía Baskaran eta beste hainbat idazlek etorkizuneko ziurgabetasunaren kudeatzen lagunduko digute, konstelazioak diren ipuinekin. Mundu berriak pentsatzeko aukera paregabea da ‘Zirriborroak eta gero’ren unibertsoan murgiltzea.
Palestinaren okupazioaz eta Kolonizazioaz (Katakrak)
Palestinan gertatzen ari den genozidioaren gakoak ditu aztergai Amaia Astobiza eta Iñigo Roquek itzuli duten liburuak. Bertan, Perry Anderson historialari britainiarrak azken mendeko une politiko erabakigarrienak bildu ditu, hainbat ikuspuntutik begiratuta. Mundu mailan gertatzen ari den sarraski handienaren gakoak ulertzeko bidelagun perfektua da saiakera hau.
Tupust! Gu (Tupust komiki elkartea)
Tupust! antologiaren hirugarren alea da ‘Tupust! GU’ komikia. Bertan, Ainara Azpiazu “Axpi”, Ainize Sarasora, Ander Peretz, Usue Egia, Arrate Rodriguez, Maider Leturiaga eta kolektiboa osatzen duten beste hainbat artistek kolektibotasunaren inguruan hausnartu dute, horiz eta morez margotutako paisaietan.
21 kontaketa labur, bakarka zein kolektiboan gozatzeko.
Gato con sombrero (Menguantes)
Lekuz kanpo dagoen emakume baten egunerokoa da Elena Marcosen liburu hau. Bidaia agentzia batean lan egiten duen turista frustratua da istorioko protagonista. Galduta dagoela, Mexikora bidaiatzea erabaki du, eta turistentzat propio sortutako eszenatoki batean honako galdera egiten dio bere buruari: zer demontre egiten dut nik hemen?
Klase turismoaren eta lotsaren inguruko liburua da ‘Gato con sombrero’.