Gernikak barne protokoloa idatzi du jaietarako eraso matxisten kasuei erantzuteko

Emakumeen aurkako indarkeria emakumeen eta gizonen egiturazko desberdintasunaren agerpenik muturrekoena da, eta gaur egungo gizartean oraindik ere irauten duen arazoa da. Arazo sozial hori dela eta, Gernika-Lumoko Udalak bere gain hartzen du genero-indarkeriaren prebentzioaren eta arretaren arloko planak eta programak diseinatu, inplementatu eta koordinatzeko konpromisoa, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte berdintasunezkoa eraikitzeko.

Horrela, ‘Jaietan eraso matxisten aurrean jarduteko protokoloa’ diseinatu du. Protokolo horretan, Berdintasunerako Udal Zerbitzuak, Udaltzaingoak, Mugimendu Feministak eta jaien antolaketan inplikatutako gizarte-eragileek parte hartu dute. Kasu bat gertatuz gero, premiazko jarduera bat egingo da, eta erasotuei arreta pertsonala, jarraitua, espezializatua, integrala eta koordinatua emango zaie.

Halaber, Lurgorriko jaietatik aurrera, abuztuaren 10ean, eta Andra Mari eta San Roke zaindariaren egunean (abuztuaren 14tik 17ra), Udalak informazio-gune bat jarriko du karpa batean, eraso matxistei aurre egiteko. Emakumeak eta LGTBI kolektiboko pertsonak elkartzeko eta laguntzeko guneetara joan ahal izango dira, eta genero-indarkeriaren arloan esperientzia duten psikologoek artatuko dituzte. Gune horiek Lurgorri auzoan eta txosnetan egongo dira herriko jaietan.

«Ekimenaren helburua da komunitatea indarkeria matxistaren eta LGTBIren aurkako borrokan inplikatzea, erasoen aurrean behar bezala jarduteko funtsezko informazioa emanez. Biktima batek edozein jazarpen mota salatzea erabakitzen badu, protokolo espezifiko bat aplikatzeko gaitasuna duten langileek emango diote arreta puntu horri», Nerea Revuelta Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu duenez.