Zientziak badaki beroak zergatik jartzen zaituen umore txarrez

“Kaixo uda. Kaixo beroa. Nire indar guztiekin gorrotatzen zaitut eta baita gizadi guztia ere… guztia zure erruagatik”. Barne dialogo hau ezaguna zaizu? Bada, orduan, beroarekin umore txarrez jartzen direnen taldekoa zara zu ere. Umore txarrez uztailetik irailera, edo orain gehiago… klima aldaketa madarikatua!

Susana P. Gaytan fisiologiako irakaslea da eta ondo azaltzen du fenomeno hau. Izan ere, bizirauteko, gure gorputzeko tenperaturak 37º ingurutan mantendu behar du eta hori zaila da kanpoan beroa egiten duenean. Honegatik, gure gorputzak emozio desatsegin batekin erreakzionatzen du, amorruarekin adibidez, egoera aldatzeko zerbait egin dezagun.

Baina ez hori bakarrik. Zure gorputza jakintsua da eta badaki zenbat eta gehiago mugitu tenperatura igo egingo zaizula, beraz, hipotalamoak, —tenperatura erregulatzen duen garuneko guneak—, alarma pizten duenean, nekea sentitzen duzu. Zure organismoak gelditzeko eskatzen dizu, gehiago berotu ez zaitezen. Hortik dator udan sentitzen duzun nagikeria, ur edalontzi baten bila sukaldera joateko ere gogorik gabe uzten zaituena. Neke horrek asperdura sortzen dizu eta azkenik, umore txarra sortzen da. “Bizitza aspergarria, ez nago motibatua, ze nazka”. Zure hipotalamoa da hizketan ari dena momentu horietan, ez zu.



Beroaren eta haserrearen arteko lotura horren estua da, ikerketa zientifiko askok jada baieztatu dutela. Futbol eta hockey partidak aztertu dira, eta behatu da, tenperatura altuek jokoaren oldarkortasunean eragina dutela. Enpatia murriztu egiten da. Txartek horiak biderkatu egiten dira. Eta hori ez da okerrena, aztertutako datuek erakutsi dutenez, bero gehiegi egiten duenetan genero indarkeriako kasuak ere larriatu egiten dira. Hori bai, azken kasu hauetan beroa egoeraren larrigarria baino ez da, ez iturburua. Egoera hauen errua oraindik ere izugarri matxistak diren gizarteek dute.

Muturreko beroetan, harreman sozialak ere zaildu egiten dira. Nagikeria nagusitzen da, mugitzea pentsaezina zaizu, hain da horrela, bikotea baldin baduzu ere, ez duzula ondoan nahi. Bai, izugarri maite duzu, baina beharbada neguan apur bat gehiago.