EHUko Uda Ikastaroek eskaintza digitala sustatzen ari dira, koronabirusak eragin ditzakeen kalteak saihesteko asmoz

Uda Ikastaroak aurten koronabirusaren erronkari aurren egin beharko diote.

UNAI GANDARIAS /2020-04-06/ Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) XXXIX. Uda Ikastaroek programazioa aurreratu dute, apirilerako, maiatzerako eta ekainerako sareko etengabeko prestakuntzako katalogo zabalagoa eskaintzeko, koronabirusaren erronkaren aurrean.

Horrela, arduradunek jakinarazi dutenez, ikastaroen aurtengo edizioa egungo egoera berezira egokitzen ari dira, ikasleei eduki digital gehiago eskaintzeko. “Egoerak hobera egin eta gure ohiko Uda Ikastaroak aurrez aurre eskaintzeko zain, espazio birtual bihurtuko gara, gure gizarteko eztabaida handien inguruan hezitzen, eztabaidatzen eta elkar topatzen jarraitzeko”, adierazi dute.

Covid-19 gaitzak eragindako egoeran kalitatezko programa bat eskaintzen jarraitzeko, ikastaroetako zuzendaritzen, erakundeen eta ohiko kolaboratzaileen laguntza izan dute, eta eskerrak eman dizkiete “Uda Ikastaroekin duten konpromisoari eusteko egindako ahaleginagatik”.

Azkenik, animo mezua bidali diete ikasleei, egoerari aurre egin diezaioten, “ziur baikaude esperientzia horretatik indartuta eta etorkizuneko erronketarako hobeto prestatuta aterako garela”.