Trasmoz, eskumikatutako Espainiako herri bakarra, aspaldiko madarikazioa duena

Trasmoz herrixka txikia da. Zaragozako eskualdean dago, Moncayo mendilerroaren magalean, Erdi Aroko gaztelu bat du gainaldean, eta, gaur egun, ehun biztanle baino ez ditu. Herri honek ezkutuan ditu ehunka urteko istorio harrigarriak, abade amorratuak, sorginak, garaiko nobleak, akelarreak eta madarikazioak protagonista dituzten gertakariak, duela mende asko.

Trasmoz herri madarikatua da, kondenatu eta zazpi mende eta erdira Eliza katolikoak eskumikatuta jarraitzen duena. Arrazoia? Herriak Veruelako monasterio boteretsuaren aurka izandako hainbat auzi. Garai hartan, monasterio horrek botere handia zuen, eta Trasmozeko biztanleei sumisioa eta obedientzia eskatzen zien. Herriko biztanleek uko egiten zioten men egiteari, eta, 1255ean, Andres Tuterakoak, monasterioko abadeak, erabaki zorrotz bat hartu zuen: Zeruetako Erresumatik betiko kanporatzea. Herriko biztan- leen matxinada hartaz gain, abadeak herria eskumikatzea eragin zuen beste arrazoietako bat egurragatik eta zurhorniduragatik sortutako gatazka bat izan zen. Gaur egun, kondenak irmo dirau, Aita Santu bakar batek ere (haiek dira halako epaiak baliogabetzeko ahalmena duten bakarrak) ez baitu baliogabetu.

Baina hori ez da guztia. 1511n, gertaera hartatik ia hiru mende igaro ondoren, bien arteko beste gatazka batek, kasu horretan uraren erabilerak eragindakoak, are gehiago gaiztotu zuen giroa.

Trasmozko jaunak, Pedro Manuel Ximenez de Urreak, aurre egin zion garai hartan monasterioko abadea zenari, uraren ibilgua komentuko eremuetatik igarotzen zelako. Veruelako elizgizonek uraren berezko zirkulazioa desbideratu zuten, eta ur hori ez zen iristen herriko familiengana. Aragoiko Gorteak bitartekari izan ziren gatazkan, eta Trasmozko jaunaren alde jo zuten, baina abadeak entzungor egin zuen, eta madarikazio bat bota zien Trasmozko jaunari, haren ondorengoei eta herrixka osoari; hala, harrezkero herri madarikatu izan zen. Gaur egun, Espainia osoko herri madarikatu bakarra.

Izeba Casca sorgina

Eskumikuez eta madarikazioez gain, Trasmozen historia misterioz inguratuta egon da beti, eta jarduera gaizto eta deabruzkoen elezaharrek –sorginak, akelarreak, magia beltza…– errezel beltz eta misteriotsu batez estali dute Trasmoz herria. Kondaira horietako askoren kokagunea Erdi Aroko gaztelu zaharra zen, inguruko sorginen topagunea. Sorginak larun- batetan joaten ziren bertara, elizako kanpaiek arimen deia jo ondoren, beren erritu gaiztoak prak- tikatzera. Han biltzen ziren sorgi- nen artean, izeba Casca nabarmentzen zen. XIX. mendean bizi izan zen, eta haren kondairak izua eragiten du oraindik. Sorgin horri egozten zitzaizkion ahalmenen artean, nabarmentzekoak dira hegan egitea, hizkuntza ezezagunez hitz egin ahal izatea eta ibaiko urak pozoitzeko gaitasuna, bertan edaten zuten abereak hiltzeko. Aditua zen madarikazioak egiten, batez ere jaioberriei, eta haiek bizitza osoan sufritzen zituzten. Horregatik guztiagatik, herrian gertatzen ziren ezbehar guztiak leporatu zizkioten, eta, ondorioz, jazarri egin zuten, eta, herriak lintxamendua egin ondoren, amildegi batetik behera bota zuten. Hil ondoren, elezaharrak dioenez, haren arima herrian zehar ibiltzen hasi zen, mendeku egarriz, deabruak berak ere ez baitzuen infernura eraman nahi izan.