Euskadin beste urrats bat egin da eskoletan hezkidetza lortzeko eta berdintasunaren bidean aurrera egiteko, 2019-2023 Euskal Hezkuntza Sistemarako II. Hezkidetza Planaren Jarraipen Batzordearen bilerarekin. Pan- demiaren ondorioz aurtengo ikasturtera arte luzatu den plana ebaluatu dute orain. Balorazio positiboa egin du Jarraipen Batzordeak, eta erronka berriak proposatu ditu, etorkizunean ikastetxeetan berdintasuna eta tratu ona lortzeko bidean.
Plan horren ezarpena eta jarraipena egiteko, Hezkuntza Sailak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak lankidetza estuan jardun dute, hezkidetzaren zortzi zutabeen artean biltzen diren premisekin. Bada, planaren Jarraipen Batzordeak, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak, Miren Elgarresta Emakun- deko zuzendariak eta Lucia Torrealday Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak osatutakoak, balantzea egin du.
Besteak beste, sexismoaren aurrean pentsamendu kritikoa garatzea, hizkuntzaren eta irudien erabilera sexista saihestea, gatazkak modu baketsuan eraldatzea, hezkuntza afektiboa eta sexuala berdintasunean lantzea, eta emakumeen eta kalteberatasunegoeran dauden kolektiboen aurkako indarkeria prebenitzea eta horren aurrean jardutea biltzen dira zeregin nagusi bezala.
Hezkidetzari autoebaluazioa
Eskola gizarteratzeko funtsezko eragile dela jakinda, ikastetxeak ezinbestekoak dira ikasleen arteko botere-harremanak eraldatzen laguntzeko, berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko hezkuntza bermatzeko. Era berean, espazio egokia dira ikasle guztiak existitzen diren sexu-identitateen aniztasunarekiko errespetuan izan ditzaten euren giza harremanak.
Ikastetxeek autoebaluaziorako tresna bat dute. Tresnaren helburua da gogoeta egitea eta lortutako hezkidetza-maila neurtzea, ikastetxean horri eusteko egin beharreko urratsak zein diren jakiteko. Hezkidetzagunea izeneko atarian jasotzen den bezala (https://hezkidetzagune.euskadi.eus /eu/hasiera), hezkuntzak aukera- berdintasuna eman behar du, inolako diskriminaziorik gabe; izan ere, Jarraipen Batzordeak ziurtatu duenez, ez dago hezkuntzarik bizikidetzarik gabe.
Indarkeria-egoerak prebenitzeak esan nahi du, halaber, arreta jarri behar zaiela emakumeen aurkako indarkeria-mota berriei, hala nola sextingari, sextortsioari, child-groomingari edo revenge pornari.
Era berean, arreta eskaini behar zaie arrisku eta egoera bereziki ahulean dauden kolektiboei, hala nola genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alabei (sarritan, zuzeneko erasoak ere jasaten dituzte), desgaitasunen bat duten pertsonei, transexualei…
Egungo planaren garapenari buruz egindako balorazioaren ondoren, Jarraipen Batzordeak erronka berriak ezarri ditu, Hezkidetzaren III. Planean txertatzeko; besteak beste, Osasun Sailarekin batera Sexu Osasuneko Gida bat sortzeko beharra ikusi da, ikastetxe guztiei zuzentzeko.