Iñaki Tejedor sukaldari eta influencer gaztea da (Urretxu, 2000), eta 300.000 jarraitzaile inguru ditu Instagramen. Errezeta klasikoak eta kamera aurrean duen naturaltasuna nabarmentzen dira bere bideoetan. Iñaki Gastro ezizenez da ezaguna sarean, eta ospe handia eman dion gastronomia-proiektu batean parte hartu du Realarekin. Iñaki, gainera, bertako produktuekin egindako sukaldaritza tradizionalaren defendatzaile sutsua da.
Zerk inspiratu zintuen zure blog gastronomikoa hasteko eta zer istorio dago horren sorreraren atzean?
Beti izan dut janariarenganako interesa. Txikia nintzenetik, familiarekin zein lagunekin etxetik kanpo jatea zen nire zaletasun gustukoenetarikoa.
Hasiera batean, nire helburua sare sozialetan zein jatetxeetara joaten nintzen kontatzea zen, baina, pandemia-garaia zenez, etxean martxan jartzea erabaki nuen. Pixkanaka hasi nintzen kozinatzen, ikasten, ikertzen… grabatzeari ekin nion, eta… gaur arte.
Euskal Herriko blogari gastronomiko zaren aldetik, zure ustez, zer eragin izan du herrialdeko sukaldaritza-tradizio aberatsak zure janaria eta edukia sortzeko ikuspegian?
Euskaldunok zorte handia dugu, hemen jatetxeen zein merkatuen kalitatea oso ona baita. Gastronomiari garrantzi handia ematen dion herria da historikoki, eta hori Espainian eta mundu osoan zehar da ezaguna. Horrek nire izaeran eragin handia izan du betidanik, telebistan zein liburu-dendetan sukaldaritzarekin erlazionatutako saio eta liburu/gida asko eskura ditzakegu eta.
Euskal Herriko zein plater edo osagai dira jarraitzaileekin sare sozialetan gehien partekatzen dituzunak? Zure ustez, zergatik dira hain ezagunak elementu horiek zure entzuleen artean?
Patata-tortilla hemen sortu omen zen. Ez dago hori esaten duen dokumentu ofizialik, baina hala dela diote. Jendeari izugarri gustatzen zaion errezeta da. Aldi berean, polemika asko sortzen du lau bandoren artean. Tipularekin edo tipula gabe jaten dutenak, eta oso egina edo mamitsua gustatzen zaienak.
Nola aukeratzen dituzu zure sare sozialetan azaltzen dituzun errezetak edo gaiak? Jarraitzen duzun irizpide espezifikoren bat al dago?
Nire lana nire hobbya da, beraz, egunero ikertzen ditut bideoak, blogak, web-orriak ikertzen. Toki batetik eta bestetik hartutako ideiak lotzen ditut nire platerak egiterako garaian. Geroz eta praktika handiagoa dudanez, gero eta hobeto ateratzen dira platerak.
Instagram eta TikTok plataformetan jarraitzaile sendoak dituzunez, nola erabili dituzu plataforma horiek euskal sukaldaritza sustatzeko eta zure ikus-entzuleekin konektatzeko?
Horretarako bi metodo erabiltzen ditut, batik bat. Alde batetik, euskal kulturan garrantzia duten errezetak grabatzen ditut, eta haien jatorria azaltzen dut. Nohizbehinka ere, euskal sukaldarien libururen bat gomendatzen dut.
Beste alde batetik, hemengo jatetxeetako gomendioak igotzen ditut sareetara, atzerriko jendearen interesa pizteko helburuarekin. Zentzuzko turismoa bilatu behar dugula uste dut, gure kulturaren garrantzia eta sustraiak nabarmenduz.
Zein izan da zure esperientziarik gogoangarriena edo atsegingarriena gastronomiari buruzko blogean hasi zinenetik?
Esan bezala, txikitatik izan naiz mundu horren jarraitzaile, beraz, askotan jarraitu izan ditut telebista programak zein sormenezko edukiak. Gaur egun, duela hamar urte telebistan zein ordenagailuko pantailan ikusten nituen sukaldari ugari ezagutzen ditut, eta hori oso pozgarria da.
Instagramen eta halako plataformetan estetika bisualak duen garrantzia dela-eta, nola heltzen diozu zure plateren eta errezeten aurkezpenari, zure ikus-entzuleentzat erakargarriagoak izan daitezen?
Alderdi hori zaintzen saiatzen naizen arren, ez diot garrantzi handirik ematen. Nire profilaren ezaugarri sendoenetako bat naturaltasuna da, beraz, sareetara igotzen ditudan platerak sinpleak izan daitezen saiatzen naiz, etxean gauza bera egiten duen pertsonak berdin-berdin egitea lor dezan. Argi dago eszena politak egiten saiatzen naizela, baina ez da hori jopuntua.
Nola integratzen duzu euskal kultura zure sare sozialen edukian, errezeta eta plateretatik harago? Euskal bizitzaren zer beste alderdi azaltzen deuzu zure entzuleei?
Nohizbehinka, Zumarragako Udalarekin lan egin izan dut, eta kasu horietan euskarazko bideoak egin izan ditut. Harrera bitxia izaten dute, nire jarraitzaileen % 5ek bakarrik ulertzen baitu gure hizkuntza. Hala ere, dibertigarria izaten da, nahiz eta komentario txarren bat jasotzen dudan. Etorkizunean, euskarazko profil bat sortu nahiko nuke. Horrela, euskaraz % 100 lantzen den profil bat izango nuke, askoz erosoagoa eta interesgarriagoa.
Zer aholku emango zenioke janari-blog bat hasteko interesa duen norbaiti?
Blog bat sortzeko garaian garrantzitsuena gustatzen zaizulako egitea da.
Askotan entzun ditut honelako komentarioak: “Profil bat egin nahi dut jarraitzaileak lortzeko” “Profil bat egin nahi dut lan gutxiago egin eta dirua irabazteko”… Hori ez da helburua. Sare sozialetan lan handia egin behar da, ordu asko inbertitzen dira. Gainera, sormenezko edukia egiten duenari bere lana egitea gustatu behar zaio, jarraitzaileak ez lortu arren.
Ni bi urtez egon nintzen bideoak astero igotzen, eta ez ninduen ia inork ikusten, baina gustura egiten nuen. Naturaltasun hori eta lanari etengabe gozatuz ekitea izan da arrakastarako gakoa.
Zeintzuk dira zure blog gastronomikorako etorkizuneko planak? Proiektu zirraragarriren bati buruz hitz egin nahiko zenuke?
Bi helburu nagusi ditut. Epe luzera begira, Europa osoan zehar bidaiatu nahiko nuke, hiri eta errialdeetako gastronomia ezagutzeko eta dokumentatzeko. Epe laburragoan, atal berezi bat sortu nahiko nuke euskal ekoizleekin batera; gure lurra zaindu, maitatu eta lantzen duten lehenengo sektoreko familien lana, mundu osoan zehar jendeak ezagutu eta kontsumitu ahal izateko. Produktu oso aberatsa dugu, eta globalizazioa dela eta, geroz eta gutxiago kontsumitzen ditugu euskal produktuak. Hori aldatu nahiko nuke.