Korterrazak 45 film labur proiekzio egingo ditu Araban

Korterraza, Gasteizko eta Arabako aire zabaleko film laburren jaialdia, joan den ekainaren 21ean hasi zen Legution eta irailaren erdialdera arte, lehiaketak 45 proiekzio egingo ditu lurraldeko 40 herritan.

Hamabosgarren edizioaren Gasteizko programazioaren zatirik handiena uztailaren 4tik 6ra izango da Artium Museoaren kanpoaldean. Film laburren lau saio, zazpi kontzertu eta euskarazko ipuin kontaketa izango dira egitarauan. Abuztuaren 22an, Korterraza Sensibiliza proiektatuko da, hori ere Artium Museoaren kanpoaldean.

Film laburren hiru saio orokor izango dira, bihartik larunbatera, 22:00etatik aurrera. Honako lan hauek emango dituzte, besteak beste: La ley del más fuerteBetiko GauaLa gran obraLa compañíaEl carné de(s)madre, PequeñoNada de nadaHadoNi lobos ni corderos eta Hadas. Haurrentzako emanaldiak ere egingo dituzte. 

Film laburren aldeko EITB Saria estreinatuko da, urtero zinemagile batek generoan duen inplikazioa aitortu nahi duen saria. Aurten, zendu berri den Txema Blasco aktore arabarra omenduko dute. 

Araban 40 saio
Jaialdiak film laburren aire zabaleko 40 saio egingo ditu 39 herritan. Honako leku hauetan izango dira proiekzioak: Legutio, Artziniega, Izarra, Eskuernaga, Zuhatzu-Kuartango, Caicedo-Yuso, Alegria-Dulantzi, Luko, Ondategi, Aramaio, Zuaza, Olabarri, Oroko Santutegia, Zurbano, Estabelu, Erdoñana, Eltziego, Antoñana, Gauna, Maeztu, Araia, Lantziego, Berantevilla, Gatz Harana, Labastida, Portilla, Laudio, Añastro, Faido, Urarte, Pagoeta, Tuesta, Ekora, Orbiso, Ozeta, Elburgo, Okondo eta Amurrio. Programazio osoa www.korterraza.com web-orrian kontsulta daiteke.

Musika emanaldiak
Filmeen proiekzioez gain, zazpi kontzertu ere antolatu dituzte Gasteizen, bihartik larunbatera, Artium Museoaren kanpoaldean eta Falerinako lorategian. Trikoma talde arabarrak joko du bihar, 18:30ean, Artium Museoaren kanpoaldean. Ondoren, 20:00etan,  Belako igoko da oholtzara.

Ostiralean, 18:30ean, Calizo rock taldea arituko da Artium Museoaren kanpoaldean, eta, jarraian, 20:00etan, Combo Paradiso. Larunbatean, berriz, Mondo Infielen kontzertua izango da Falerinako Lorategian, 13:30ean. Ondoren, 18:30ean, Artium Museoaren kanpoaldean, Niña Coyote eta Chico Tornado taldeak arituko dira eta, azkenik, The Steepwater Band, Chicagoko blues-rock talde ezaguna.