Bengol “Ez da betiko” kantua kaleratu du

Aitor Bengoetxea, Bengo, musikari oiartzuarrak bere lan berriko bigarren abestia zabaldu du sarean: Ez da betiko. Julen Aduriz  eta Yeray Lizarazurekin elkarlanean ekoiztu du kantua, Oiartzungo lokal txiki batean, eta egoera zaila bizi izaten ari den pertsona baten istorioa kontatzen du. “Denbora luzez jasaten ari den zurrunbilo emozional baten ondorio da protagonistak orain duen egoera, eta badaki, lehenago edo geroago, aurre egin beharko diola zurrunbilo horri”, azaldu dute.

Hitzek egoera zail bat islatzen duten arren, goraka egiten du abestiak soinu aldetik; gitarra batzuekin eta erritmo apalarekin hasten da eta, pixkanaka, irekiz eta indarra hartuz doa, errepikan nabarmentzen amaitzen duen arte. Hala, “hitzak eta erritmoa batera doaz, guztiarekin hautsi nahi izatearen sentsazio hori sortzea lortzeko, errepika frenetiko batekin amaituz”.

Eñaut Gaztañagak nahastu eta masterizatu du kantua, Zestoako Gaztain Estudioetan. Bideoklipa, berriz, Bartzelonako Rita Gratacósek zuzendu eta editatu du, eta Orion eta Oiartzunen grabatu dute.