Iñigo Urkullu lehendakariak Euskaltzaindiaren domina jaso zuenetik astebete baino gutxiago igaro denean, Andres Urrutia euskaltzainburua Bilboko alkate Juan Mari Aburtorekin bildu da asteazken honetan, Akademiaren Plaza Barriko egoitzan. Lankidetza hitzarmena sinatu dute Bilboko bazter guztietan euskararen erabilera sustatu, bultzatu, zabaldu eta normalizatzeko. Izan ere, akordioa «bi hamarkada luzez norabide berean egindako elkarlanaren isla garbia da».
Hau da, Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak urtero sinatzen dute hitzarmen hori, hizkuntzaren garapenarekin eta gizarteratzearekin duten konpromisoaren erakusgarri. «Bi erakundeon arteko elkarlanaren kariaz, besteak beste, hizkuntza biziberritzeko eta euskal kultura zabaltzeko hizkuntza-aholkularitza eskaintzen dio Akademiak Udalari, eta kultur-jarduerak ere antolatzen dira, tartean, Lautan Hiru antzerki-jaialdia», esan dute. Horrez gain, gogorarazi dute Euskaltzaindiak Adolfo Arejitaren Errefrau artean aztarrika liburua argitaratuko duela aurten.