Lekeitioko kale arteen jaialdia uztailaren 5etik 7ra izango da

“Kalea bizitza da, askatasuna, guztiok partekatzen duguna; artea berriz, nortasuna, kultura, gaitasun bereziak erakusteko modua. Kale arteek hori guztia eta asko gehiago batzen dute; gure barnean dauden sentimendu eta emozioak pizteko trebetasuna dute”, azaldu dute Kaleka, Lekeitioko Kale Arte Jaialdiaren antolatzaileek. 

34. edizioak “barruan dugun sugar hori piztu” nahi duela adierazi dute, eta kale arteak “erakustea baino haratago joan nahi duela, horien parte izatera gonbidatu”. Ikusleak ikuskizunaren parte izatea, ikuskizuna ulertzea eta berea egitea da asmoa.

Uztailaren 5etik 7ra izango da aurtengo jaialdia, eta lan eszenikoak, tailerrak, partaidetza-instalazioak eta sorkuntza eremuak izango dira Lekeitioko kaleetan.

Guztira hamabi konpainia eta kolektibok parte hartuko dute jaialdian, Katalunia, Italia, Frantzia, Asturias, Balentzia, Gaztela eta Leon, Aragoi eta Euskal Herrikoak. 

Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.