Loraldiak ez digu aspertzeko astirik uzten, urtean zehar hainbat ekimen proposatzen ditu eta. Hurrengoa Lekeitioko Sormen Astearen 3. edizioa izango da, ekainaren 24tik eta 28ra bitarte ospatuko dena. «Kultur ekintzen programazio anitza eta oparoa da, erreferente diren sortzaileak bilduko dituena eta arlo ezberdinak jorratuko dituena», esan dute antolatzaileek. Bertan, musika, literatura, performance-a, dantza eta zinea eskainiko dira.
Publiko orokorrari zuzenduta, bost egun horietan kultur erreferente handiak izango dira Lekeition: Unai Elorriaga, Josu Aurrekoetxea, Gari, Maialen Lujanbio, Anari eta Dantzaz konpainia. «Kultur proposamenak berritzaileak izango dira ere eta proposamen ez ohikoak ikusteko aukera izango ditugu», esan dute.
Lekeitioko sormen aste honek egundoko aukera ematen du sortzailea gertutik ezagutzeko eta gozatzeko. Formatu txikiko ikuskizunak dira, eta, sarrerei dagokionez, loraldia.eus webgunean eskura ditzakezu.
Hitzaldi-musikatuaren fomatuan, idazlea (Unai Elorriaga) eta musikaria (Josu Aurrekoetxea) ariko dira hainbat testu aztertzen eta kantatzen. Ezusteak ere izango dira. Orain arte anonimotzat hartzen zen kantu baten egilea deskubrituko dute. Ikus-entzunezkoek lagunduko dute kantuen ñabardurak ikusarazten. «Ikuskizun dibertigarria, dinamikoa eta oso erakargarria da», diote Loraldiatik. 75 minutu iraungo ditu eta sarrera doakoa izango da.