“Errazagoa izan beharko litzateke Euskal Herrian kultura-dirulaguntzak eskuratzea”

Oñatiko Sukena taldea indartsu dator. Eider eta Naia Herraez ahizpek beren etxean martxan jarri zutenari forma joan dira pixkanaka, eta egun, Xabi Albistegi, Xanti Egaña, Asier Igartua eta Iratxe Urzelairekin batera ari dira. “Guztia gordetzea ezinezkoa da” diskoarekin egin dute debuta.

Nola deskribatuko zenukete zuen musika estiloa eta zerk egiten ditu bakarrak egungo musika panoramaren barruan?

Gure musika estiloa euskal poparen panorama zirraragarriaren barruko fusio bereizgarri gisa deskriba liteke. Gure letren eta melodien aberastasunagatik eta benetakotasunagatik nabarmentzen gara, gure kulturaren eta esperientzia pertsonalen esentzia harrapatzen baitute. Definitzen gaituen ezaugarri bakarra ahots femeninoen presentzia harmoniatsua eta indartsua da, gure musikari dimentsio hunkigarri eta liluragarria gehitzen diotenak. Elementuen konbinazio horrek aukera ematen digu nabarmentzeko eta proposamen fresko eta bereizgarri bat eskaintzeko egungo musika-panoramaren barruan.

Zein da “Sukena” izenaren atzean dagoen istorioa eta zer esan nahi du zuentzat talde bezala?

Sukena atzean dagoen istorioa oso luzea da baina laburbiltzen saiatuko gara. Eider eta Naia (ahizpak) abeslarien familiatik dator izena. Beraien amona eta aitonak, orain dela urte batzuk, beraien etxera Saharako haur bat ekartzen zuten denboraldi luzeak igarotzera. Haur horren amonaren izena Sukena zen, eta Eider eta Naiaren amak Sukena izena gustuko zuen. Ahizpek taldea sortzea nahi izan zutenean, izen aproposa izango litzatekeela iruditu zitzaien, eta horrela erabaki zuten.

Zein dira soinua moldatu duten eragin musikal nagusiak?

Taldekideen artean oso erreferente musikal zein estilo ezberdinak daude. Hauen nahasketa batetik sortu da gure musika estiloa.

Nolakoa da zure abestien konposizio-prozesua? Metodo edo inspirazio berezirik al dute?

Gure abestiak sortzerako momentuan modu ezberdinak erabili ditugu. Gehienetan, abeslariek letra eta oinarrizko melodia bat proposatzen dute, eta ondoren, gainontzeko taldekideekin batera kantuari forma ematen saiatzen gara, entsegu lokalean orduak eta orduak igaroz.

Zer mezu edo emozio transmititzea espero duzue entzuleei musikaren bidez?

Egunerokotasunean gure artean aurkitzen diren gai ezberdinak jorratzea gustatzen zaigu, horrela, entzuleak gure abestiekin identifikatu daitezke. Bide horretatik, gure abestien bitartez jendeari laguntzea dugu helburu.

Zer erronka izan dituzue aurrez aurre musikari gazte gisa industrian eta nola gainditu dituzue?

Esperientziarik gabeko musikari gazte gisa, kontzertuak antolatzeko eta promozionatzeko hasierako erronkari aurre egin behar diogu. Hori gainditzeko, etengabe ikasten dugu, aholkuak bilatuz.

Nola sentitzen zarete ikusleek zure musikari ematen dioten erantzuna ikustean? Une gogoangarriren bat izan duzue partekatu nahiko zenuketen jarraitzaileekin?

Lehenengo erronka, gure ustetan, musika estiloa onartua izatea izan da. Gure inguruan musika estilo hau ez da oso ohikoa, eta proiektua seriotzat hartzeko beste leku batzuetan baino esfortzu gehiago egin behar izan dugu. Horretaz gain, lehenengo kontzertuetan oso denbora gutxi gindoazen talde moduan, eta komentario minkorrak jaso genituen musika munduan esperientzia duten pertsona batzuen partetik. Gure kasuan gauzak hobeto egiteko arrazoia izan ziren komentario horiek, baina beste kasu batzuetan, baliteke horrelako kasuek arazoak ekartzea. Azkenik, gazteak izanda, erronka handi bat baliabide ekonomikoak lortzea izan da. Gaur egun, Euskal Herri mailan kultur diru-laguntzak eskuratzea errexagoa izan beharko litzateke, kultura sustatzeko helburuarekin, hare gehiago, gazteon proiektu bat baldin bada.

Etorkizun hurbilean birak edo kontzertuak egiteko asmorik ba al duzue? Zein lekutan aurkeztu nahiko zenukete?

Hemendik eta abuztura arte ia asteburu guztietan kontzerturen bat edo bi ditugu, Euskal Herriko toki ezberdinetan. Gure sare sozialetan, zehazki, Instagramean, data guztiak daude eskuragarri.

Etorkizunean beste musika-genero batzuk esploratzea pentsatu duzue, edo zuen egungo estiloari leial izateko asmoa duzue?

Ez dugu aterik isten, beti ere gustuko ditugun estiloak badira.

Zer proiektu dituzue buruan datorren urterako eta nola pentsatzen duzue talde gisa hazten jarraitzea?

Gauza berrietan ari gara lanean. Sukena taldeak lanean jarraituko duela errealitate bat da, baina gaurko egunez ezin dugu ezer berririk eman. Proiektuaren ibilbidea jarraitzea nahi duenak, gure sare sozialei adi egoteko!