Hiriko musikarien jaialdia da Musikagela Fest eta ekainaren 22an izango da, Sagueseko Tomas Alba plazan, eguerdian hasi eta arratsalde-gau partean amaituko da. Euria edo eguraldi baldintza desegokiak izanez gero, jaialdia Intxaurrondo Kultur Etxera aldatuko da.
Bederatzi emanaldi antolatu dituzte bosgarren ediziorako, eta urtean zehar Musikagela zerbitzuak kudeatzen dituen lokaletan entseatu edo kontzertu-zikloetan parte hartu duten zortzi tokiko talde arituko dira. Drugos asturiar taldea ere gonbidatu dute jaialdira.
Bi zati izango ditu jaialdiak. Bata, 12:00etatik 14:00etara bitartekoa izango da, eta honako talde hauek joko dute: Los Veletas, Sasha Smith, Suite Seda eta Luke Armstrong. Bigarrena, berriz, 18:30etik 23:00ak arte izango da, eta talde hauek arituko dira: Oep, Badmintones, Gardena, La Ola Maldita eta Drugos.
Jaialdiak tokiko talentu musikalaren lagin bat erakutsi nahi du, kalitatezko eszenatoki batean, eta aire zabalean beste hainbat bandekin jotzeko aukera eman parte-hartzaileei. Entsegu-lokaletatik haratago ikusgarritasuna lortu eta bertako musika eszenan proiektatzeko aukera eman nahi die taldeei.