Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta bertako kide diren dozenaka udalek ‘Bertatik Bertara’ kanpaina eramango dute aurrera uda honetan bosgarren aldiz, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzuen sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko ekimena. Kanpaina larunbat honetan hasiko da, ekainaren 8an, eta irailaren erdialdera arte iraungo du.
‘Bertatik bertara’ kanpainarekin, bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi dute aurten ere.
Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu dira, besteak beste, udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko maha-zapiak (300.000 inguru banatu dituzte), zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia.
Gainera, aurten, nobedade bezala, turismo bulegoetan zein bisitariak hartzen dituzten ostatu, landetxe eta antzekoetan zabaltzeko diptikoak ere prestatu ditu UEMAk, euskaraz, katalanez, gazteleraz, frantsesez eta galizieraz.
QR kodea
Bertako hizkuntza ere «kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia» dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzuen sektoreko arduradunei. Bada, hori guztia gogorarazteko eta kanpainaren berri emateko, UEMAko kide diren herrietako merkatariei eta ostalariei eman zaie ekimenaren berri. Merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen duen herrietan, posta arruntez jaso dute informazioa 2.000 biztanletik beherako herrietan; 2.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, berriz, udalak arduratu dira informazio orriak banatzeaz.
Azkenik, merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen ez duen herrietan, informazio orria PDF formatuan jaso dute udalek, egokien ikusten duten moduan zabaltzeko zerbitzu sektorean zein udalen webguneetan eta sare sozialetan.
Eskuorria, gainera, denda, taberna eta jatetxeen ate edo erakusleihoetan itsasteko moduan diseinatu dute, eta euskaraz aritzeko oinarrizko hiztegira ere bideratzen ditu bisitariak, QR kodearekin; gazteleraz, katalanez, frantsesez eta galizieraz dago hiztegia. Era berean, kanpainaren berri emateko spota ere prestatu du UEMAk, bisitariek taberna eta jatetxeetan aurkituko duten mahai-zapikoaren osagarri.