SHEIN-ek paraguiak baino gehiago kutsatzen du

Zein da Shein-en, krisi klimatikoaren eta Paraguai herrialdearen arteko harremana? Ba, kointzidentzia ironiko bat dutela. Uda estrenatzear gaude eta ziur tenperatura errekor asko gaindituko direla. Horregatik, armairu aldaketa egin beharra izango dugu eta pertsona askok arropa berriak erosiko dituzte. Baina bazenekien moda munduko industriarik kutsakorrenetakoa dela?

Modaren industriak mundu osoko berotegi efektua eragiten duten igorpenen %2-8 artean sortzen ditu eta iragarpenen arabera, igorpen hauek 2030. urterako modu dramatikoan haztea aurreikusten da. Orain, ikerketa berrik batek frogatu du Shein, fast fashion-aren ikurra den erakundeak, Paraguai herrialde osoak baino gehiago kutsatzen duela!

Gainera, Shein-ek bere igorpenak %50 hazi zituen urte bakar batean. Hori dio Stand.earth GKE kanadarrak. Ikerketa honek moda saltzen duten hamaika erakunde aztertu eta puntuatu egin ditu. Puntuazio hobea kutsadura murrizten saiatu direnei eta txarra ez direnei saiatu.

Ateratako ondorioak beldurgarriak dira: moda erakunde nagusienek erregai fosila erabiltzen jarraitzen dute euren produktuak sortzeko eta ez dute lortu sortzen duten kutsadura murriztea. Emaitzen artean, aipatu H&M, Levi’s eta Puma markek euren ekoizpen prozesuak hobetu dituztela, igorpenak gutxitzea lortuz.

Zein dira okerrenak? Lululemon, Fast Retailing eta Shein. Azken honen datuak benetan dira kezkagarriak. Gardentasunik ez erakusteaz gain, ez ditu bere helburuak bete eta gainera bere datuek okerrera egin dute, kutsadura bikoiztuz. Online denda ezagunaren arrakasta mehatxu bat da ingurunearentzat, marka tradizionalek lortutako aurrerapausoak kili-kolo uzten baititu. Eta bitartean tenperaturek gora eta gora…