Gernikako Haziberri jaialdiaren laugarren edizioa egingo dute uztailaren 17an, Europako Herrien parkean. Gorka Urbizu eta Olatz Salvador izango dira bertan euren emanaldiak egiten.
Lekunberritarrak bere ibilbideko lehen diskoa kaleratu du aurten, Hasiera bat izenekoa. Diskoak patxada hartu eta presarik gabe ibiltzeko gonbita egiten du. Jaialdiaren antolatzaileek azaldu dutenez, “Haziberrik lantzen duen kontzeptuak guztiz bat egiten du Gorka Urbizuren proposamenarekin”.
Bestetik, Olatz Salvador musikari donostiarra izango da Gernikan. Skakeitan taldean aritu zen, eta pare bat disko argitaratu ditu bakarkako ibilbidean: lehena, Zintzilik, eta bigarrena, Aho uhal. “Udako iluntze bero eta goxoarekin elkarlanean aritzeko bikote ezin hobea osatzen dute bere ahots eta akordeek”, adierazi dute jaialdiko arduradunek.
Atseden guneko zuzenekoak
Atseden gunean ere izango da musikaz gozatzeko aukera. Festibala zabalduko du Asier Zugadi bakarlari gernikarrak, Zuga izeneko proiektuarekin.
Azken taldea, berriz, Broken Brothers Brass Band izango da, afaltzeko tartea girotzeaz arduratuko dena. New Orleans-eko doinuak sortzen dituen talde iruindarrak Euskal Herriko hainbat karrika, areto eta jaialditan jo izan du.
Jasangarritasuna iparrorratz
Afaltzeko tartea hartuko dute bertan eta bertako produktu eta edariz osatutako eskaintza izango da mila lagunentzat. Jaialdiak garrantzia ematen dio “inguruko baserritarrei izen eta abizenak jarri eta euren produktuekin proposamen duin eta erakargarria egiteari”. Horretarako, Urremendi Landa Garapen elkartea eta Baserritik Gernikara ekimenen laguntza izaten dute.
Erronka Garbia ziurtagiriarekin lan egiten dute karbono aztarna ahalik eta gehien murrizteko. Bertan erabiliko dituzten eserlekuak ere zaborretara zihoazen tona bat artile berreskuratu eta berrerabiliz egindakoak dira.