Gidabaimena euskaraz ateratzeko material berria sortu dute

Motozikletarekin bereziki irristakorra den eremu batean ibili behar baduzu, zer neurri hartu behar dituzu? Norabidea ezkerrera aldatzeko, non utzi behar da elkargunearen erdigunea? Non izaten dute istripu gehien oinezkoek? Zein da zigorra telefono mugikorra erabiltzeagatik semaforo gorri batean zaudenean? Gidabaimenaren galdera teorikoak asko dira eta oraindik jende gutxi da azterketa euskaraz egitera aurkezten dena. Hala, egoera hori iraultzeko, gidabaimenak euskaraz ateratzeko materiala sarean eskuratzeko aukera izango dute interesdunek ‘Gidabaimenak Euskaraz’ egitasmoari esker.

Ekimena Eusko Jaurlaritzak babestutako eta Euskadiko Autoeskolen Federazioak koordinatu, kudeatu eta zuzendutako egitasmoa da, Alkarbide Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilgunea dela tarteko. Gainera, Gidabaimena euskaraz ateratzeko bidea errazteko, Bizkaiko hainbat udalerri, Bizkaiko Foru Aldundia, Bizkaiko Autoeskolen Elkartea eta autoeskolak lankidetzan aritu dira.

Kanpaina 2010etik lantzen da Bizkaiko hainbat udalerritan, besteak beste, Basaurin, Erandion eta Getxon. Hala, udal horiek euskarazko materialez hornitu dituzte autoeskolak, sentiberatze kanpainak zabaldu dituzte, informazio hitzaldiak antolatu dituzte, sariak eman dituzte eta gazteei diru laguntzak eskaini dizkiete.

Hori gutxi balitz, aurten, Basauri, Erandio eta Getxoko udalek diru laguntzak igo dituzte. Hain zuzen, Basauriko Udalak matrikularen kostua itzuliko die herrian erroldatutako 17-23 urteko gazteei, azterketa teorikoa euskaraz egiteagatik (gehienez 300 euro). Horrez gain, 100 euroko erregai txartelak ere zozkatuko ditu.

Halaber, Erandioko Udalak matrikularen kostuaren %80 itzuliko die bertan erroldatutako 17-23 urteko gazteei azterketa teorikoa euskaraz egiteagatik (gehienez 200 euro), eta 100 euroko erregai txartela ere zozkatuko du.

Azkenik, Getxoko Udalak gastuaren %80 itzuliko die udalerrian erroldatutako 15-23 urteko gazteei azterketa teorikoa euskaraz egiteagatik (gehienez 200 euro). Horrez gain, 100 euroko hiru erregai txartel zozkatuko ditu.