Uztailaren 1ean hasiko da EuskarAbenturaren bosgarren espedizioa. 16 eta 17 urte arteko 127 gaztek Euskararen Lurraldea zeharkatuko dute oinez, Done Jakue bideak jarraituz, uztailaren 31ra bitarte.
Parte hartuko duten gazteen gehiengoa bizkaitarra da, 43 gazte. Gipuzkoatik 28 gazte izango dira, Nafarroatik 24, Arabatik 13, Lapurditik 10, Nafarroa Beheretik 6, eta Zuberoatik 2. Diasporatik ere etorriko da kide bat, Peruko Cusco hiritik.
Gazteekin batera, hogeita hamar lagunek osatutako lantaldea joango da, koordinatzaile, begirale, mediku, erizain eta gidariak tartean.
Atharratzen hasiko dute aurten espedizioa eta, hala, Zuberoan etapa bat gehiago egingo du EuskarAbenturak. Hainbat herri zeharkatuko dituzte ibilbidean eta honako hogeita zazpi herrietan igaroko dute gaua: Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane-Garazi, Auritz, Zubiri, Iruñea, Añana, Argantzun, Gasteiz, Izarra, Araia, Zerain, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti, Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo.
Etapa bakoitzaren ostean ekintzak izango dituzte: tailerrak, kirol txapelketak, eztabaidak, astronomia hitzaldiak… Euskara Batua eta euskalkiak, emakumea eta kirola, eta utopia izango dira, besteak beste, landuko dituzten edukiak.