UNAI GANDARIAS /2020-02-27/ Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Galtzagorri Elkarteak Booktuberboom booktube lehiaketaren edizio berezia prestatu dute. Gipuzkoako 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa da eta parte hartzaileek euskarazko liburu bat irakurri eta horri buruzko booktube bat sortu beharko dute.
Gipuzkoako gaztetxoen artean ikus-entzunezkoen bidez irakurtzeko zaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurri eta Youtuben euskaraz arituko den booktuber sarea sortzea dira egitasmoaren helburu nagusiak, Galtzagorri Elkarteko iturriek jakinarazi dutenez.
‘Book’ (liburua) eta ‘tube’ (Youtube) lotzen dituen bideoa da booktube bat, hau da, Youtube plataforman jartzen den liburu bati buruzko gomendio edo iruzkina, liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo grabazioa.
Dagoeneko nazioarteko zen toki mailako sareak sortu dira, hizkuntzaren arabera gehienetan, eta horrela, “azpikultura digital bat sorrarazten ari da: booktuber horiek, azken finean, euren esperientzia literarioak besteekin konpartitu nahi dituzten neska-mutilak baitira eta neurri horretan literatur kritikari berrien sare eta plataformak ari baitira sortzen”.
Lehiaketan parte hartzeko epea maiatzaren 8ra bitarte da eta nahi beste booktube aurkez daitezke lehiaketara. Parte hartzeko oinarriak https://booktuberboom.wordpress.com/ booktuberboom blog-ean daude eskuragarri.
Gainera, lehiaketa sustatzeko booktuber topaketak antolatuko dira martxoan eta apirilean Gipuzkoako hainbat liburutegitan, ikastetxeekin elkarlanean. Topaketa horietan, lagunarte giroan bildu, booktuber fenomenoa ezagutu eta booktube bat nola egiten den ikasiko dute gerturatzen diren gazteek.