‘Sold out’, ‘hype’ eta salmenta-zalapartaren garai hauetan, batzuetan ez da erraza zenbait kontzertutarako sarrerak lortzea. Hori dela eta, aholku-sorta bat duzu hemen, bihar salmentan jarriko diren Zetak-en emanaldirako sarrerak lortzeko.
Zetak taldeak 2025ean Nafarroa Arenan emango duen ikuskizun berezi baten berri eman du. Euren bosgarren urteurrenaren aitzakian, Mitoaroa izeneko emanaldia taularatuko dute datorren urteko urtarrilaren 4an, larunbatean, Iruñeko Nafarroa Arenan. “Mugarri garrantzitsua” eta “inoiz izan dugun festa ederrenetakoa” izango dela nabarmendu du Pello Reparazek.
Nafarroarekin eta euskal mitologiarekin lotutako ikuskizuna izango da, eta, hori dela eta, Erramun Martikorenaz gain, honako hauek ere bertaratuko dira: Unanuko mamuxarroak, Lantzeko Ihauteria, Kukai dantza taldea, Iturengo joaldunak, Tuterako zipoteroak, Altsasuko momotxorroak, Zubietako joaldunak eta Arbizuko txatarrak.
Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, www.zetak.org webgunean, goizeko 08:00etatik aurrera. Sarrerarik gabe geratu nahi ez baduzu, hona hemen baliagarriak izan daitezkeen zenbait aholku:
- Lehenago prest egon. Minutu batzuk lehenago prest egon, jende asko sartuz gero, webguneetan arazoak sortzen baitira batzuetan.
- “Tickets” botoia agertuko da. ZETAKen webgunean atzera kontua amaitu bezain laster, “Tickets” jartzen duen botoia agertuko da. Hor klik eginda sartuko da erosketa plataformara. Sare sozialen bitartez ere zabalduko dute lotura.
- Wifitik gertu egon, ahalik eta konexio onena izateko eta, ahal bada, ez eduki gailu asko wifi berera konektatuta.
- Ordenagailua eta mugikorra prest izan. Hobe ordenagailutik egitea, baina bietako batean “error” edo akats mezuren bat agertuz gero, bestearekin saiatu. Gailuak kargatuta dituzula bermatu.
- Kreditu txartela gertu izan. Ordainketa egiteko garaian kreditu txartela edo beharrezko zenbakiak behintzat eskura izan, prozesua azkarrago egiteko.
- Banku korronterako sarbidea prest izan. Bankuko kontuan sartu behar izaten da egindako erosketari baimena emateko, eta sei bat minutu izaten dira horretarako. Beraz, prest izan bankuko aplikazioa edo webgunea nabigatzailean zabalduta.
- Begiratu kontu korrontean dirua duzula. Sarreren ordainketa egiteko adina diru izango duzuela ziurtatzea komeni da.
- Sarrerak zenbakitu gabeak dira. Sarrera erostean, pista ala grada nahi duzun erabaki beharko duzu, eta azkar ibiltzea komeni da, aforo mugatua dagoelako toki bakoitzean. Ikuskizunaren egunean, aukeratutako gunean, nahi duzun tokian kokatu ahal izango zarenez, garaiz iristea onena.
- Umeekin doazenak gradan ipintzea aproposena. Zetak taldeak azpimarratu du ikuskizuna mundu guztiarentzat dela, baita haurrentzat ere, eta eszenatokia ondo ikusi eta erosoago egote aldera, egokiena gradako sarrerak hartzea litzatekeela azaldu dute.
- Gehienez 10 sarrera. Asko jota hamar sarrera erosi ahal izango ditu pertsona bakoitzak.
- Lagunekin edo ingurukoekin adostu sarreren erosketa. Jakin zenbat behar dituzuen eta erosketa zeinek egingo duen. Ahal izanez gero, bat baino gehiagok egin dezakezue saiakera, norbaitek behintzat sarrerak lortzea ziurtatzeko. Hamar sarrera baino gehiago behar izanez gero ere, hobe pertsona bat baino gehiago aritzea lan horretan. Komunikatu elkarrekin prozesuan zehar, behar baino sarrera gehiago ez erosteko.
- Sarrerak email bidez iritsiko dira. Erositako sarrerak email bidez bidaliko dira. Gorde emaila eta deskargatu sarrerak heldu bezain laster. Izan ere, emaila galdu/ezabatu egiten dute batzuek, eta komeriak izaten dira orduan.
Ea aholku hauen laguntzaz kontzerturako sarrerak eskuratzen dituzun. Zorte on!