Hernaniko Udalak autokonponketa tailerra jarri du martxan bihartik aurrera, “hondakinen prebentzioarekin lotuta”. Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotziaren hitzetan, “egungo sistemak kontsumo azkarra sustatzen du. Neurrigabeko kontsumo horrek inpaktu negatiboak ditu ingurumenean eta kutsaduran. Hondakinik onena sortzen ez dena da. Hondakinen sorrera ekidin nahi da, materialei bizi berri bat emanez eta ekonomia zirkularra sustatuz”. Zerbitzu berri honen bidez “hondatutako bizikleta, aparailu, altzari eta arropen bizitza luzatu” nahi dute.
Tailerra hiru gunetan banatu dute: bizikleten konponketa txokoa, aparailu elektriko eta elektroniko txikiak konpontzekoa, eta joskintza gunea. Konponketak egiteko beharrezko erremintak bertan izango dira, baina materiala norberak eraman beharko du. Hezitzaile bat ere egongo da tailerrean, zalantzak argitzen laguntzeko. Bestetik, bi erreminta-kaxa ere izango dira herritarren eskura, maileguan hartu eta erabiltzaileek etxean izan ditzaketen gauza handiagoak konpondu ahal izateko.
Tailerra Oleta kaleko 25.zenbakian dago, eta bihar zabalduko dituzte ateak, herritarrek zerbitzua ezagutu ahal izateko. Hortik aurrera, asteartetan egongo da irekita, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta hileko lehen larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara. Ez da aldez aurretik txandarik hartu beharko.
Formakuntza ikastaroak hilero
Herriko merkataritza-establezimenduek formakuntza ikastaroak emango dituzte hilero: altzarien berritzea, joskintza, informatika, bizikleten konponketa…
Lehen ikastaroa ekainaren 1ean izango da, 10:00etatik 11:30era, euskaraz. Altzariak berritzen eta apaintzen erakutsiko dute Aurki eskulanetako arduradunek. Saioa dohainik izango da, baina aldez aurretik eman behar da izena, tokiak mugatuak direlako. Horretarako, konpondu@hernani.eus helbide elektronikora idatzi edo 688 67 59 64 telefonora deitu beharko da.
Hain zuzen ere, tailerrean dauden altzari guztiak poligonoetako hondakinen bilketatik jasotako materialak berrerabiliz egindakoak dira.