‘Zintzotasun ariketa bat’ izango dela aurreratu du, eta “biluztu” egingo dela ikuskizunean. Irailaren 27an hasiko da bira Gasteizen, eta emanaldietarako sarrerak salgai daude.
Joan den astean, Antton Telleriak bideo bat zabaldu zuen sare sozialetan, NININI izeneko perfumea kaleratuko zuela jakinaraziz, eta bere webgune berrira bideratu zituen horren inguruan gehiago jakin nahi zutenak. Bertan, izen-abizenak eta emaila sartzeko formularioa ageri zen, eta hala egin zutenek, emaila jaso berri dute. Bertan azaldu du, askok igarriko zuten bezala, perfumearen amua, ikuskizun berria aurkezteko bidea izan dela: “Urrutitik atzemango zenion marketing estrategia kiratsa perfume horri. Edo akaso sinetsi egin duzu eta pentsatu, <<badaukat 2024ko lagun ezkuturako oparia>>. Edozein kasutan, jakizu, zure mesfidantza edo inozentzia tarteko, miresten zaitudala. Miresmen horri ere marketing usaina dario. Ez naiz saltzaile ona. Horregatik, saldu baino, kontatu nahi dizut komedia ikuskizun berri bat estreinatuko dudala: NININI”.
NININI “egolatriari eginiko oda” bat dela azaldu dute. Bertan, Telleriak “bere buruaz hitz egingo du etengabe”, baina “zintzotasun ariketa” bat ere izango dela iragarri dute. Ikuskizun honetan “biluztu” egingo omen da umoregilea, “metaforikoki eta metaforikoki soilik, denon hobe beharrez”. Bere buruarekin duen harremanaz, bere izenaz, bere umeaz, bere amonaz, bere bikotekideaz, komiko izateaz, eta bertsolaria ez izateaz hitz egingo du, besteak beste, ikuskizun berrian. “Eta bertsolariei buruz ere bai pixka bat. Ez baita dena NININI izango. Ez naiz bertsolaria”, adierazi du umorez Telleriak.
Ikuskizun berriaren birari helduko dio irailean eta hainbat hitzordu lotu ditu dagoeneko: irailaren 27an, Gasteizko Jimmy Jazzen; urriaren 3an eta 4an, Donostiako Lugaritz kultur etxean; urriaren 17an, Bilboko Campos Eliseos antzokian; urriaren 18an, Urruñako Itsasmendi zineman; eta urriaren 26an, Iruñeko Antzerki Eskolan. Sarrerak gaurtik aurrera izango dira salgai webgunean.