Gizarte hipokrita gara eta badakizu. Legez kanpoko drogen aurka dago gehiengoa, baina alkohola guztiz normalizatua dugu, naturaltasun osoz edaten dugu, droga bat ez balitz bezala. Baina bada. Orain dela pare bat urte atzera Frontier saldizkarian argitaratu zen ikerketa baten arabera, gainera, drogarik arriskutsuenetako bat da, bai norberaren osasunarentzat, eta baita osasun sozialarentzat ere.
Bada, dirudienez, alkohol tradizio handiena duten herrialdeetako gobernu batzuk prest agertu dira hausnarketa egin eta sustantzia honek gizartean duen rola eraldatzeko. Irlanda da herrialde horietako bat, eta bera izango da munduko lehen herrialdea, 2026ko maiatzaren 22tik aurrera, alkoholdun edariei osasun etiketak exijituko dizkiena. Etiketetan produktuaren osaketa nutrizionala azalduko da, hau da, kaloria hutsak direla. Alkoholaren kontsumoak dakartzan arriskuen azalpena ere azalduko da: minbizia pairatzeko aukera gehiago, gibeleko gaixotasunak sufritzekoa ere eta zientziak frogatutako bestelako hamaika ondoez. Erabaki ausarta da, Irlanda baita alkohol gehien kontsumitzen den Europako herrialdeetako bat.
Gainera, neurri honek, alkohol edariak ekoizten dituzten markak behartuko ditu Irlandako Osasun Zerbitzuko webguneko helbidea ipintzera, kontsumitzaileak bertan informazio gehigarria eskuratu ahal izateko. Zeren ez dezagun ahaztu: alkoholaren kontsumoak buruko nahasteak okerragotu ditzake eta jakitea merezi duzu, tabako kaxetan oharrak merezi dituzun bezala.
Beharbada uste baino lehen, ez dugu gure kontzientzia aldatzen duen substantziarik beharko elkarrekin bildu eta bizitzaz gozatzeko. Estatistikek diotenez gazteen artean alkoholaren kontsumoa murrizten ari da, zenbat eta belaunaldi gazteagoa, orduan eta alkohol kontsumo urriagoa.