Merina Gris taldeak “Origami” kantua kaleratu du

Lilili-k irekitako aro berriaren hirugarren singlea kaleratu du Merina Gris taldeak, Origami izenekoa. Gainerakoengan eraikitzeaz, eraikitakoa desagertzeko arriskuaz, bakarrik egoteko beharraz eta bakarrik geratzeko beldurraz dihardu kantuak. 

“Sortzen garen une beretik, eraiki egiten dugu. Eta bakarrik jaiotzen bagara ere, gainerakoengan eraikitzen dugu batik bat. Horrek gero hain bakarrik hiltzea ekarriko ez baligu bezala. Kontua da, ordea, gainerakoak ere hil egiten direla. Gauzak hil egiten dira. Lur jotzen duten totemak. Su hartzen duten oihanak. Urtzen den izotza. Urruntzen diren amodioak. Inoiz gure adiskide zirenak. Inoiz hala izan zirenak. Origami-irudia den konplexuena izanik ere, berdin-berdin desegingo du euriak. Gainerako guztia bezala. Bustitzen gaituen euri horrexek, bizirik gaudela oroitarazten digun horrexek berak. Geu gara geure etxea. Geure zokoa. Ongi egon gaitezkeen lekua, bakarrik egon gaitezkeen lekua. Maite ditugunak sar daitezkeen lekua. Ez dugu hori besterik dualtasun baten erdian: bakarrik egoteko beharra vs bakarrik geratzeko beldurra”, azaldu du taldeak.

Kantuaren soinuari dagokionez, erritmo bizia du eta inoiz baino soinu organiko gehiago sartu dituztela aipatu du taldeak, eurek grabatu eta sampleatuak: mahaiaren kontra talka egiten duten objektuen hotsak, lagunarteko barreak, Herbehereetako semaforoen zarata eta baita Merina Grisek asko miresten duen artista baten sampleak ere.

Rotterdameko Worm Sound Studios-en sortu zuten kanta hau, 2022ko abenduan izandako lan-saio  batzuetan, taldeak egonaldi artistikoa egin baitzuen bertan Musika Bulegoaren eskutik, Herbehereetako biraren erdian. Han sintetizadore analogiko vintageak erabili zituzten. Kantaren ekoizpena taldeak berak egin du, JEWLN ekoizle eta taldekidea buru dela. Ed Is Dead arduratu da nahasketaz, Madrileko Fashion Beat Team estudioetan.