Elhuyar zientzia azoka martxan da, Bilbon

Asteazkenean abiatu zen Elhuyar Zientzia Azoka eta bihar arteko epean 70 ikastetxetako 800 gazte bilduko dira Bilboko Areatzan ikasturtean egindako 200 STEAM proiektuak erakusteko. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, beste toki batzuetako azoketako saridunak ere izango dira, hamaika talde etorri baitira.

Guztira, 200 STEAM proiektu baino gehiago erakutsiko dituzte 12-18 urteko gazteek, eta 800 gaztek hartuko dute parte azokan. Gaur, maiatzak 24, Batxilergoko sei eta DBHko berrogeita sei izango dira ikusgai, eta bihar, berriz, Batxilergoko sei eta DBHko hogeita hamazazpi. 

Ikasturte-hasieran, unibertsitate eta zentro teknologikoetako 104 ikertzailek, horietatik 65 emakumeak, eman zuten izena ikasleekin lan egiteko eta azken faseko ebaluatzaile-lanak egiteko. Hori dela eta, ikertzaileak ere izango dira Areatzako azokan, gazteen proiektuak ebaluatzen eta euren lanaren ondotik, sari-banaketa egingo dute bihar, 13:00etan. Eleder magoa eta Maria Redondo aktorea arituko dira aurkezle lanetan. Irabazleek ikasketa-bekak eta Espainiako zein nazioarteko azoketarako bidaiak eskuratuko dituzte. 

2013an lehen edizioa egin zenetik gaur arte, 12-18 urte bitarteko 3.000 gaztek aurkeztu dituzte proiektuak Bilbon antolatzen den Elhuyar Zientzia Azokan. Guztira, mila bat ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko aurkeztu dira.