Olatz Salvadorrek “gerorik balego” bigarren aurrerapen kantua argitaratu du

Olatz Salvador musikari donostiarrak irailaren amaieran kaleratuko duen hirugarren diskoaren bigarren aurrerapen kantua eman du argitara. “Fede falta batetik abiatutako eszenatoki post apokaliptiko bat” iradokitzen du kantuak, “progresiboki estasi itxaropentsuago batera” daramana entzulea. 

Lehen singlea izandako Basan kantuaren izpiritutik abiatuta, baina “zikin, oldarkor eta basatiago” dator oraingoan Salvador. Oinarri elektronikoak eta soinu anbiental eta distortsionatuek rave kutsu bat ematen diote eta, “dantza katartiko batera eraman nahi gaituen bidaia” proposatzen du donostiarrak, “trantze batean sartzeko deia”.

Adierazpen edo pentsamendu hau ere izan du abiapuntu kantuak: “Garaiko hainbat pentsalarik diote errazagoa dela munduaren amaiera irudikatzea, kapitalismoaren amaiera baino”. Hala dio kantuaren hasierak, etsipen kutsu batekin: “Zerbaitetan sinestu nahi nuke, baina zakar da giroa”. Baina hor nonbait itxaropenak ere zeharkatzen du kantua, musikaren laguntzaz. 

Kanta hau 2022. urtean sortu zuen Loraldia jaialdiko egitasmo baterako. Egitasmoak berak Gerorik balego zuen izena, eta hainbat sortzaile aritu ziren gai horren aterkipean: Alaine Agirre, Amaia Agirre, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, eta Olatz Salvador bera. Agirrek Gerorik balego izeneko testu literarioa plazaratu zuen, hamaika galdera zituena, “existentzialismotik abiatuta gure bizitzari egindako errepasoa”. Olatz Salvadorrek, berriz, Maite Larbururen Gona kanta moldatu zuen eta pieza berri bat (Gerorik balego) ondu zuen, besteak beste. 

Kantua bideoaz lagunduta dator oraingoan ere. Ane Berriotxoak zuzendutako Basan abestiarekin kaleratutako bideoaren jarraipen bat da, tarot karta batzuen sinbologia ardatz duten irudiez osatua, “islatu nahi den helduleku falta eta bilaketaren ondorio”. 

Zuzeneko kontzertuak 
Ekainaren 20an Miramar Gauak jaialdian izango da Olatz Salvador, bandarekin batera, eta La Oreja de Van Gogh, Maren eta La Sonrisa de Julia taldeekin partekatuko du oholtza.

Uztailean “ilusio handiz bizi duen kontzertu bat” emango duela ere iragarri dute.