Idazle gazteentzako igartza literatura-sorkuntza bekara aurkezteko epea zabalik da

Beasaingo Udalak, CAF enpresaren eta Elkar argitaletxearen laguntzaz, martxan jarri du XXVII. Igartza Literatura Sorkuntzako Beka.  Eleberri edo ipuin-bildumak egiteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, sarituak, argitaratuak eta beste nonbaitetik moldatuak izan ez direnak.

Egileek 35 urte bete gabe izan beharko dute lana entregatzeko epean, eta helduentzako bi liburu baino gehiago argitaratu ez dutenak.

Partehartzaile bakoitzak landu nahi duen kontakizunaren azalpena aurkeztu beharko du, 2-4 orri bitarteko luzerakoa, argumentua, egitura, luzera, estiloa eta abarrak zehaztuz. Idazlanaren lagina ere bidali beharko da, 15-20 orrialdetakoa; ez da hasierako zatia izan behar nahitaez, baina bai jarraiekoa. Egilearen datuak ere eman beharko dira aparteko dokumentu batean. Epaimahaikoek ez dute jasoko horren berri.

Ekainaren 30era arteko epean bidali behar da dokumentazio osoa, Beasaingo udaletxeko sarreran erregistro ofizialean aurkeztuta edo erregistro elektronikoa erabiliz: www.beasain.eus. 

Irati Jimenez, Garazi Kamio eta Olatz Mitxelena idazleek osatuko dute epaimahaia, eta 2024ko irailaren 15a baino lehen jakinaraziko dute irabazlea.  Bekak 10.000 euroko diru-laguntza izango du, urtebetetean proiektua garatzeko. Diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, handik urtebetera, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana, epaimahaikoek onarpena ematen dutenetik sei-zazpi hilabeteko epean.