Itziar Laka saritu dute euskara maila zientifiko gorenean jartzeagatik

Itziar Laka Mugarzak (Getxo, 1962) irabazi du Humanitateak, Kultura, Artea eta Gizarte Zientzien 2024ko Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Saria. Golardoaren arduradunek nabarmendu dutenez, hizkuntzalariak ekarpen berritzaileak eta pisu handikoak egin ditu euskararen garapenerako eta hizkuntza-gaitasunak gobernatzen dituzten mekanismoetan sakontzeko. Sariaren epaimahaia Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako eta LABORAL Kutxa eta Musikeneko ordezkariek osatu dute.

Lakak hizkuntzalaritza esperimentala eta neurohizkuntzalaritza lantzen dituen lehenengo ikerketa-taldea sortu zuen 2010ean. Hainbat proiekturen ikertzaile nagusi izan da Euskal Herrian, estatuan eta nazioartean, eta hizlari gisa parte hartu du hizkuntzalaritzaren arloko nazioko eta nazioarteko biltzarretan. Era berean, irakasle izan da hainbat herrialdetako unibertsitateetan. Epaimahairen ustez, «eredu handia izan da, gazteen artean ere, euskara goreneko maila zientifikoan jarriz, metodologia berriak baliatuz, punta-puntako ikerketekin landuz, egun berebiziko garrantzia duten alorrak jorratuz».

Saritutako hizkuntzalariaren ibilbidean funtsezko dimentsioa da euskara unibertsitatean eta gizartean sustatzea. Gaur egun Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako buru da EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetzan. EHUko Euskara Institutuarekin lankidetzan, hizkuntzalaritza-lan klasikoen itzulpena sustatu du.

Jardun akademikoarekin eta ikerkuntzakoarekin batera, lan itzela egiten du zientziaren eta zientzia-kulturaren zabalpenean. Zentzu horretan, epaimahaiak adierazi duenez, «elebitasunaren inguruan egon diren mito batzuk ebidentzia zientifikoaren bitartez bertan behera utzi ditu, euskarari ez ezik, hizkuntzalaritzari bere orokortasunean ere, ekarpen nabaria eta agerikoa eginez».