Ibilaldia maiatzaren 26an iritsiko da Getxora, eta antolatzaileek jakinarazi dituzte Bizkaiko ikastolen jaia osatuko duten guneak. Josune Bañales Ibilaldia Elkarteko lehendakariak, Unai Arzubiaga San Nikolas ikastolako lehendakariak eta Gaizka Arrizabalaga San Nikolas ikastolako zuzendariak Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez, 46. edizioan bertaratuko direnek lau gune izango dituzte gozatzeko: San Nikolas ikastola, izen bereko plaza eta inguruak, Algortako Portu Zaharra eta Ereagako hondartza. Horietako bakoitzean adin talde ezberdinei zuzendutako jarduerak eskainiko dira, eta helburua izango da ikastolen hezkuntza proiektua, euskal kultura eta euskaldun sentimendua aldarrikatzea.
«Herriak berak erakusleiho polit eta bikaina eskaintzen du. Gune urbanoa itsasoarekin eta landagunearekin uztartzen da, eta txonbo hitzak dioen bezala, kostaldearen zipriztinak ere ikutuko gaitu. Hori gutxi balitz, metroa gure alde dugu, eta urrutitik datozenentzat konexioak egiteko parkingak egongo dira Etxebarrin, Leioan, Ibarbengoan eta BEC inguruan», adierazi du Arrizabalagak. Horregatik, ziur daude «edizio arrakastatsua» izango dela, «Getxo oso udalerri irisgarria delako eta eguraldia gure alde gotea espero dugulako», gaineratu du.
Guneei dagokienez, lehenengoa San Nikolas ikastolan bertan abiatuko da. «Ibilaldiaren bihotza izango da, eta bertan harrera ofiziala egingo dugu goizeko hamarretan, jaiari hasiera emateko. Eskaintza zabala izango da, izan ere, haurrentzako topaketak, magoak, eskulanak… izango ditugu. Eta herri bazkaria, bertsolariak, Kadira bakarlaria, DJak eta abar», esan dute antolatzaileek.
Bigarren gunea, bestalde, San Nikolas plaza izango da, hau da, Ibilaldiak izango duen beste gune urbanoa. Inguru horrek hiru zonalde banatuko ditu, hor izango baitira San Nikolas plazako bi guneak eta Bihotz Alai enparantza ere. Nabarmendu dutenez, Getxoko kulturan eta tradizioetan murgiltzeko topagune ezin hobea izango da, eta dantzak, herri kirolak eta musika eskaintza (Zuriketan beltz, Bele taldeak…) izango dira bertan. Gainera, puzgarriak eskainiko dituzte, «eskaintza moldakorra baita nonahi».
Hirugarren gunea ere oso entzutetsua da: Algortako Portu Zaharra. Eta eskaintza anitza izango den arren, bertan gazteek euskal musika taldeak ikusteko aukera izango dute, besteak beste, reggaea eta ska taldeak, rock eta punk taldeak eta DJ ezberdinak. Halaber, beste tailer eta topaketa batzuk eskainiko dira.
Eta laugarren gunean Ereaga hondartza izango dute bertaratutako euskaltzaleek. Gune egokia izango da familiarentzat, non Goazenen ikuskizuna egongo den, baita haurrentzako bitsa festa, egurrezko jolasak, pailazoak eta musika eskaintza ere.
Unai Arzubiaga San Nikolas ikastolako lehendakariak Euskaltzaindiaren egoitzan eskainitako prentsaurrekoa aprobetxatu du urte osoan zehar egin diren ekimenak nabarmentzeko, eta 2024ko Ibilaldiaren zehar lerro batzuk aipatu ditu, hala nola, «euskararen sustapena bultzatzea, sexu eta generoari lotutako rolak gainditzea, ikastola komunitate osoaren eta herriko eragile guztien partaidetza, eta jasangarritsunaren ikuspuntua gainditzea ekintza guztietan».
Ildo berean, 2024ko Ibilaldian landu nahi dituzten helburuak nabarmendu ditu, hala nola «euskalduntasuna, euskal kultura eta ikastola ardatz dituen jaia gure udalerrira ekartzea; herriko gizarte-eragileekin lankidetzan harremanak sendotzea; hezkuntza komunitate osoak (guraso, ikasle, irakasle, langile…) ikastolarekiko duen atxikimendua areagotzea, eta gaztetxo eta nerabeen jarrera parte hartzailea eta hezitzailea bultzatuko duen jaia antolatzea». Halaber,’Txonbo’ leloari dagokionez, azpimarratu du gaztelaniaz ere erabili dela hitz hau gure eskualdean, euskaratik zuzenean hartuta. Kontua da hain txertatua dagoela gaztelanian ere, jende askok uste duela gaztelaniaren hitza dela eta euskarak hizkuntza horretatik hartu zuela, baina kontrakoa da. Eta hortik doa ere lelo honen zergatia: euskaran murgiltzea bai, baina baita euskarak egin ditzazkeen ekarpen ezberdinak balioan ipintzea ere.