Garagardotegi batek animalientzako jangarriak diren latentzako uztaiak sortu ditu

Garagardo artisau marka honek, euren sei latetako paketeentzako biodegradagarriak diren uztaiak sortu ditu. Hau gutxi ez, eta jangarriak dira itsasoko animalientzat; beraz, ez dago hauek bertan harrapatuta geratzeko arriskurik.

Plastikoa, gure itsasoak kutsatzen dituen produktu nagusietako bat da, eta bertako bizitzetan eragin negatiboa du. Ondorioz, plastikozko erabilera bakarreko produktuak ekiditeko hainbat ahalegin egin dira.

Latak elkartzeko erabiltzen diren plastikozko uztaiek adibidez, ingurumena kutsatzeaz gain, itsasoko izakiei lesioak eragiten dizkiete eta batzuk uztaien artean harrapatuta, itota, hiltzen dira. Izaki horien artean daude, arrainak, dortokak eta baita hegaztiak ere.
The Ocean Conservancy-ren datuen arabera, ozeanoan 7,25 milioi kilogramo zabor baino gehiago dago!

Datu hauek iraultzeko helburuz, Floridako (AEB) garagardotegi txiki batek, Saltwater Brewery deituak, euren sei latak biltzeko uztaiak eraldatu dituzte. Ehuneko ehun desegiten dira eta animalientzat jangarriak dira.

Uztai hauek euren garagardoa egiterakoan sortzen den garagar eta gari soberakinetatik sortzen da. Bi osagai hauek bestelako osagai naturalekin nahasten dira biodegradagarria den pasta bat lortu arte.

Gogortasun eta erresistentziari dagokionez, markak ziurtatzen du plastikoaren antzekoa dela, eta kontsumitzaileak ez duela ezberdintasunik nabarituko. Arazo bakarra ekoizpen kostua da. Garagardotegi honek espero du beste markek ere euren bidea hartzea, eta kontsumitzaileak apur bat gehiago ordaintzeko prest egotea, ingurumena eta animaliak salbatzeko.