Zure aurpegia ikuste hutsarekin, adimen artifizialak, zure ideologia politikoa asma dezake

Berriz ere Adimen Artifiziala? Ba, bai. Baina oraingoan ez da zuk baino hobeto marrazten duela esateko, zuk baino hobeto idatzi eta lanik gabe utzi zaitzakeela. Ez. Oraingo honetan zure ideologiarekin du zerikusia. Ikerketa baten arabera AAk zehaztasunez asma dezake zure joera politikoa aurpegiak ezagutzeko tresna baten bitartez. Aurpegiko trazuak aztertzen ditu, hala nola kokotsaren neurria edo sudurraren norabidea. 

Dirudienez ezker ideologia duten pertsonek eta eskuinekoek aurpegi morfologia ezberdinak omen dituzte. Ikerketaren arabera “liberalek aurpegi txikiagoak dituzte, beheranzko joera duten ezpain eta sudur eta kokots txikiak”. Aldiz, aurpegi handi eta trazu biribilekoek ziurrenik eskuinari emango omen diote botoa. Nola da posible? Ikerketaren autoreen arabera, “itxurarekin lotzen diren espektatiba sozialek nortasunaren garapenean eragiten dute”. 

Beraz, ez da AAren kontua soilik. Guztiok epaitzen dugu bestearen ideologia bere itxura fisikoaren arabera, berehala egiten dugu, ia konturatu ere egin gabe. Azkenean oiloa eta arrautzarena da, zein doa lehendabizi? Izan ere, pertsonarik gehienek modu batera hautematen bazaituzte, litekeena da jokabide horiek hartu eta zure egitea.