Ines Osinagak “TXALUPA” kantuaren bideoklipa kaleratu du

Ines Osinagak  #itsasoadabidebakarra diskoa kaleratu zuen 2022an eta proiektua Euskal Herrian eta Kuban zuzenean aurkeztear zegoela grabatu zuen Txalupa kantuaren bideoklipa, iazko uda amaieran hain zuzen ere. Osinagak azaldu duenez, “argi geneukan bidaiari buruzkoa izan behar zela, eta itsasoan busti behar ginela grabatzean”. 

Bideoaren abiapuntua amets batetik datorrela jakinarazi du musikariak: “Behin Itziar Ituñorekin amets egin nuen, eta ametsetan txalupan agertzen zitzaidan. Audio mezu bat bidali nion kontatzeko. Itziarrek zer erantzun, eta grabatu egingo genuela! Beste bati begiratzean norbera topatzen duzuneko une hori irudikatu nahi izan genuen. Une hori, zeinetan elkarri bizitza salbatzen diogun”.

Itziar Ituño eta Ines Osinagaz gain, Getariako arraunlariek ere parte hartu dute bideoan. Ikus-entzunezkoak “olatu eta erauntsi artean, arraunean ahizpekin ikusten ez den portu horren bila joan ginenekoa” kontatzen du. “Yemayári deiadarra” dela aipatu du arrasatearrak.

Joseba Sarrionandiaren hitzak ditu kantu honek, eta musikariak oraindik gogoan du 2011ko urrian testu hau lehenengoz irakurri zuenean “barruan sentitutako dardara”. 

Andoainen kontzertua hilaren amaieran
Osinagak iragarri duenez, maiatzaren 31n kontzertua emango du Andoainen, bere “ahizpa kubatarrekin” batera. Kantu honetaz gain, beste hamaika ere entzun ahal izango dituzte bertaratzen direnek. Emanaldia 20:00etan hasiko da Bastero Kulturgunean.